MAIATZAK 4. Erronka: 'Holograma'
Teknologia Fisika Optika Eskulanak
SARRERA
Argia uhinez osatutako energia mota bat da, objektuak begientzat ikusgarri bihurtzen dituena. Argia igortzen duten gorputzei argi-iturri deitzen zaie (eguzkia, adibidez) eta beste gorputz batzuetatik iristen zaien argia islatzen dutenei argi-igorle sekundarioak deritze. Azken hauek argi-iturri batetik iristen zaien argiaren zati bat bakarrik islatzen dute eta argiaren beste zatia xurgatu egiten dute.
Argiaren propietateak:
- Errefrakzioa: Bi ingurune banatzen dituen gainazala zeharkatzean argi-izpien norabide aldaketari deritzo.
- Islapena: Argi-izpiak zeharkatu ezin duten gorputz edo objektu batera iristen direnean islatu egiten dira, hau da, gorputz edo objektu horrekin talka egin, errebotatu eta norabidea aldatzen dute.
Propietate hauei buruz gehiago ikasteko bi erronka planteatzen dizkizugu, biak oso ikusgarriak. Lehenengoan errefrakzioaren propietatearen efektuak ikusiko dituzu, magia dirudien esperimentu erraz baten bitartez. Bigarrenean piramide holografiko bat egin eta hiru dimentsiotako (3D) irudiak sortuko dituzu.
ZER BEHAR DUGU?
Errefrakzioaren propietatea behatzeko:
- Papera
- Kristalezko ontzi zilindriko bat (edalontzi bat, adibidez).
- Arkatza, boligrafoa edo margoak.
- Ura
Piramide holografikoa egiteko:
- Plastiko gardena (CD-etako kutxetako plastiko gardena oso egokia da).
- Errotuladore bat.
- Kuterra edo guraizeak.
- Zeloa.
- Telefono mugikor bat edo tablet bat.
URRATSEZ URRATS
Errefrakzioa
1- Errefrakzioaren propietatea behatzeko irabiliko dugun irudia prestatu: nahi duzun kolore, tamaina eta norantzako gezi horizontalak marraztu.
2- Ontzi zilindrikoa egin dugun irudiaren aurrean jarri: errefrakzioa behatzeko erabiliko dugun ontzi zilindrikoa (edalontzi bat adibidez) paperaren aurrean jarri. Zer gertatzen da marraztu ditugun gezien norantzekin ontziaren bidez begiratzean?
3- Ontzia urez bete: Ontzia lekuz mugitu gabe urez bete. Zer gertatu da gezien norantzekin ontziaren bidez begiratzean? Bere norantza paperean marraztutako kontrako norantzakoa da? Horrela ez bada, ontzia paperetik hurbildu edo urrundu, paperean marraztutako ontziaren bidez begiratzean gezien norantza aldatu arte.
Zer gertatu da?
Hasieran ontzia airez betea dago, papera eta ontzia banatzen duen ingurunea bezala. Beraz, ontziaren bidez begiratzean ez da ezer gertatzen gezien norantzarekin.
Ontzian ura botatzen dugunean, ordea, inguruneak banatzen dituzten espazioak dentsitate desberdineko beteta daude (ura eta airea). Horren ondorioz, argi-izpien norabidea aldatzen da eta edalontziaren bidez begiratzean paperean marraztutako gezien norantza alderantziz ikusten da.
Piramide holografikoa
1- Piramide holografikoa eraikitzeko piramidearen aurpegiak plastikoan marraztu eta ebaki: Piramidea osatuko duten lau aurpegiak plastiko gardenean marraztu eta ebaki. Hologramak sortzeko telefono mugikor bat edo tablet bat erabili behar duzu eta kasu bakoitzean piramide holografikoaren tamaina desberdina izango da. Behan daukazun taulan aurkezten dira gailo bakoitzerako egingo duzun piramidearen aurpegien neurriak:
2- Piramidea eraiki: piramidearen lau aurpegiak itsasi (beheko irudian bezala).
3- Hologramak (3D irudia) ikusi: Piramidea egina duzunean, sarean hologramak ikusteko bideoak bilatu behar dituzu (youtuben “videos para piramide holográfica” jarrita esteka ugari topatuko dituzu). Zein bideo ikusi behar duzun erabakitzen duzunean, eraiki duzun piramidea beheko irudian azaltzen den bezala jarri eta bideoa asteko botoia sakatu. (KONTUZ! piramidea ondo zentratuta egon behar da holograma arazorik gabe ikusteko).
Hologramak ondo ikusteko ilunpean egotea komeni da, bestela, piramidearen erdian proiektatzen den hiru dimentsiotako irudia gaizki ikusiko da.
Zer gertatu da?
Holograma, mugikorretik edo tabletetik igortzen diren argi-hizpiek piramidearen lau planoetan (aurpegietan) sortzen diren irudien isladen interferentziek sortzen duten fenomeno bisuala da. Horrela, hologramak ikusteko bideoetan agertzen diren lau irudiak piramidearen erdian proiektatzen dira, hiru dimentsiotako irudi bakarra sortuz.