Apirilean ere ikertzaileak izan dituzte bisitan Deustuko eta Otxarkoagako gazteek
Horrela, Deustuko neska-mutilek, apirilaren 25ean Itziar Garate Lopez ikertzailearen bisita izan zuten, apirilaren 26an Virginia Navarro Santamaria, Gesala Pérez Junquera eta Maider Baskaran Razkin ikertzaileen bisitak izan zituzten, eta apirilaren 27an, Arantxa Bodego Aldasoro ikertzailearen eta Arrate Alonso Gómez ikertzailearen bisitak izan zituzten. Otxarkoagako neska-mutilek, berriz, apirilaren 26an, Sara Alicante Martinez ikertzailearen bisita izan zuten.
DEUSTUKO GAZTEEI EGINIKO BISITAK
Itziar Garate Lopez astrofisikariarekin DBHko gazteek izan zuten saioa. EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzailea da. Planeta lurtarren atmosferen dinamika aztertzen du, batez ere Artizarraren atmosferaren super-errotazioaren jatorria eta bere zurrunbilo polarren eraketa. Bisitan bere ibilbidearen inguruan hitz egin zuen eta planetekin lotutako jolas batzuk ere egin zituen gazteekin. Espazioaren inguruan solasaldi bat sortu zen eta gazteek berari buruz zituzten galdera eta hipotesiak partekatu zituzten.
Virginia Navarro Santamaria eta Gesala Pérez Junquera, EHUko Farmazia Fakultateko Nutrizioa eta Bromatologia saileko ikertzaileak dira. Glutenaren garrantziaz eta glutenaren detekzioaz aritu ziren.
Maider Baskaran Razkin, berriz, ingeniari mekanikoa eta diseinu-ingeniaria da. Mondragon Unibertsitateko Polimero eta konpositeen teknologiak ikerketa-taldeko kidea da, karbono-zuntzean espezializatua. Bisitan bere ibilbidearen inguruan hitz egin zuen eta karbono-zuntzezko pieza batzuk egin zituzten. Lehen Hezkuntzako neska-mutilekin egon zen.
Arantxa Bodego Aldasoro, EHUko ikertzailea, geologoa eta estratigrafian aditua da. Harrietan antzinako informazioa egon daitekeen teorian oinarrituta, kliman gertatzen diren aldaketak ulertzeko ibilbidea ikertzen du. Bisitan bere ibilbidearen inguruan hitz egin zuen eta, guztien artean, harri desberdinak eta koralak aztertu zituzten. Haietan azidoak zelan eragiten duten ikusi zuten, CO2aren isuriarekin lotura erakutsiz (CO2a uretan disolbatzen da, itsas hondoko harri eta koraletan geratzen da eta ingurunea kutsatzen da gu konturatu barik). Muskuiluetan duen eragina ere ikusi zuten, azidoen presentziarekin haien oskola zelan biguntzen den alegia.
Eta deustuko gazteekin egon den Arrate Alonso Gómez ere, EHUko ikertzailea da; Elektronika eta Informatika Fakultateko Seinalearen Teoria eta Komunikazioak Taldean lan egiten du.
OTXARKOAGAKO GAZTEEI EGINIKO BISITA
Otxarkoagako Lehen Hezkuntzako eta DBHko gazteek apirilaren 26an, bestalde, Sara Alicante Martinez ikertzailearen bisita izan zuten.
Sara biofisikaria da, eta EHUko Biofisika Institutuan dabil ikertzaile. Proteinen tolesdura aztertzen du, epilepsia duten pertsonengan (zehatzago jaio berriengan) nolako eragina duen ikertzeko. Bisitan bere ibilbidearen inguruan hitz egin zuen eta C bitaminaren determinazioa egin zuten fruta desberdinetan, zeinek gehiago eta zeinek gutxiago duen jakiteko.