2024/06/14

2024-2025 ikasturteko zientzia-programa Abanto-Zierbenako Bizilaben

2024-2025 ikasturtean ere 'Izan asmatzaile ikertzaile' programa izango da martxan herriko gazteentzat.
2024-2025 ikasturteko zientzia-programa Abanto-Zierbenako Bizilaben

Abanto-Zierbenako Udalak Elhuyarrekin batera sustatutako Bizilabe aisialdi-eskaintzan izena emateko epea zabaldu da. 2024ko urrian hasi eta 2025eko maiatza bitarte, 10-14 urte bitarteko gazteek zientzia eta teknologia arloetako jarduerak egin ahal izango dituzte herriko Gaztegunean. Astelehen arratsaldetan izango dira saioak; DBH 1 eta 2. mailakoak 15:30-17:00etara eta LH 5 eta 6. mailakoak 17:00-18:30etara.

Ikasturtean zehar, alor desberdinetako zientzia- eta teknologia-esperimentuak egingo dituzte eta, talde lanean proiektuak garatuko dituzte, ikertzaile profesionalen gidaritzarekin. Proiektu Bilbon egingo den Elhuyar Zientzia Azokan aurkeztuko dituzte. Gainera, herriko enpresak eta ikertzaileak ezagutzeko aukera izango dute, topaketa eta irteeren bidez.

EMAN IZENA!

JARDUERAREN BALDINTZAK

Deskribapena: BIZILABE. Zientziak, teknologiak eta aisiak bat egiten duten erreferentziazko lekua, 10-14 urte bitarteko gazteentzat, Elhuyarrek eta Abanto-Zierbenako Udalak sustatuta.

Noiz: 2024ko urrian hasi eta 2025eko maiatzean amaituko da.

Kokapena: Abanto-Zierbenako Gaztegunean, Bizkaia plaza 3, atzekaldea.

Ordutegia:

  • Astelehena - LH 5-6 - 17:00-18:30
  • Astelehena - DBH 1-2 - 15:30-17:00

PREZIOA
HIRUHILEKO ordainketa izango da, hiruhileko bakoitzaren lehen hilabetean.

- Kuota arrunta: 15 €, hiruhileko
- Familia ugaria edo guraso bakarreko familia: 10 €, hiruhileko
- Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta: 4 €, hiruhileko

--> Kuota horiek % 90ean diruz lagunduta daude, eta deskontua aplikatuta dago prezioan.

--> Kuota-murriztapeneko kasuan, familia ugariaren, guraso bakarraren edo DBE-ren agiria izena ematen dutenean aurkeztu beharko dute helbide honetan (bizilabe-abanto@elhuyar.eus); bestela, kuota arrunta kobratu egingo da.

--> Kuota Elhuyarrek kobratuko du, izena emateko formularioan eman duten kontu-korrontearen zenbakian.

Itzulketak: aurkezpen-gutunean gurasoei mezu bat erantsiko zaie baja emateko epeak eta ordainketak zehaztuz. Ikasturteko ‘Izan asmatzaile eta ikertzaile’ programan baja eman nahi izanez gero, gurasoek zehaztutako datak baino lehenago jakinarazi beharko dute; bestela, hurrengo hiruhilekoaren kuota kobratu egingo da.

IZEN-EMATEAK ETA LEKU-KOPURUA

  • Tailerretarako tokiak esleitzeko, izen-ematearen ordenari jarraituko zaio, baina genero-aniztasuna bermatuko da (40/60 ordezkaritza).
  • Tokiak beteko balira, itxaron-zerrenda sortuko da. Talde horiek osatzen ditugunean, harremanetan jarriko gara, egoeraren berri emateko.
  • Ikasturtean zehar baja bat egoten bada, proportzio horiek (generoa) kontuan hartuko dira itxaron-zerrenda baldin badago, % 40tik ez jaisteko.
Eusko Jaurlaritza