Hirugarren urtez jarraian Urola Erdiko ZTIM azoka ospatu da
Iraurgi Berritzen, Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentziak eskualdeko eragileen partehartzea nahiz lankidetza bermatzeko artikulatzen duen eragile sarean kokatzen da ekimena. Zehazki, “IB Sarea” lankidetza sarearen baitan egituratzen den Hezkuntza Gunean du jatorria eta eskualdeko 5 ikastetxeek - Azkoitia BHI, Floreaga Salestar Ikastetxea, Iraurgi Ikastetxea, Azpeitiko Ikastola Ikasberri eta Urola Ikastola - hartu dute parte bertan.
Aurten, hirugarren urtez jarraian, eskualdeko gaztetxoen artean ZTIM –Zientzia, Teknologia, Ingenieritza, Matematika- gaitasunak sustatzeko proiektua garatu da. Honek, Iraurgi Berritzenen eragile sarean identifikatutako beharrei erantzuna ematea du helburu eta eskualde ikuspegitik, ezinbestekotzat jo da hezkuntzan zientzia eta teknologia gaitasunak. Honetarako, prozesuan zehar, Elhuyar Fundazioaren laguntza izan da.
Proiektuaren garapena bi fasetan antolatu da. Batetik, lehen fasean, eskualdeko ikastetxeetan, DBH eta Batxiler mailan zientzia eta teknologia alorrei lotutako irakasgaiak eskaintzen dituzten irakasleei, bi goizeko prestakuntza mintegia eskaini zaie. Bertan, proiektuen gidaritzarako oinarri metodologikoak ezagutzeaz gain esperientzia nahiz proiektu ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute.
Bigarren fasean, berriz, ikastetxeetako irakasleek mintegian jasotako jakintzak aplikatu eta ikasleekin proiektu ezberdinak garatu dituzte. Oro har, eskualdeko 8-10 irakasle eta 250 gaztetxo inguru aritu dira proiektu ezberdinen lanketan.
Hauen garapenean zehar, sor zitezken zalantza ezberdinei aurre egiteko Elhuyar fundazioaren gidaritza izan dute. Gainera, Elhuyarrek duen hainbat unibertsitateetako ikertzaile boluntarioen-sareari esker, Euskal Herriko ikertzaile ezberdinekin harremanak izateko aukera izan dute ikasleek. Era berean, zenbait proiektutan eskualdeko eragile sozioekonomikoen partaidetza ere izan da. Gaiaren inguruan izan zitzaketen zalantzak argitzeaz gain, hauen esperientzia nahiz eguneroko jarduera zein den ezagutu dituzte.
Azokan, ikasturtean zehar eskualdeko ikastetxeek landu dituzten proiektuak aurkeztu eta erakutsi dira. Azokan, guztira, alor ezberdinetako 9 proiektu ezberdin ikusi ahal izan dira: "Bizilagun mikroskopikoak" (Biologia), "Ibaien ekologia" (Biologia), "Robotak programatzen" (Informatika), "Frutaren oxidazioa ikertuz" (Kimika), "Gozokien kimika" (Kimika), "Prototipogintza" (Teknologia), "Elkar-maker" (Teknologia), "Kristalografia" (Zientzia aplikatua) eta "3D inprimakiak" (Teknologia).