Arrakastaz burutu zuen Elhuyarrek ginkana zientifikoa Donostian
'Emakumeak Zientzian 2020' jarduera-programa, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta, bederatzi euskal erakunde elkartuta sortutakoa da. Otsailaren 7tik 14rako ari dira ekintzak burutzen, eta horien artean kokatu behar da ginkana bera ere. Adin guztietako jendearentzako (familiak, nerabeak, helduak…) dira jarduerak, eta ginkana familia osoak parte hartzeko prestatuta zen. Ibaetako Unibertsitate Campusean elkartu ziren familiak, ezkutaturik zeuden proba guztiak gainditu eta helburua lortzeko.
Ekimenaren helburua da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.
CIC nanoGUNE ikerketa-zentroa, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieros, Ceit, POLYMAT eta Elhuyar erakundeek zientzia-programazio bateratu bat aurkeztu dute, otsailaren 11n mundu osoan ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunerako. Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Donostia Kulturaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) laguntza du.
Hemen argazki gehiago.