Parekoen Topaketa ekimenak zientziari eta teknologiari lotutako lanbideen errealitatearekin konektatuko ditu 46 gazte
Bilboko Udalak eta Elhuyar Fundazioak Bilbao Arenako Arena Cluben egin dute Parekoen Topaketa ekimenaren bigarren edizioa. Bizilabe Bilbaoko jarduera da, zeina aipatutako bi erakundeek bultzatutako programa baita; horren helburua da STEM (ingeleseko akronimoa: Science, Technology, Engineering and Mathematics) esparruko bokazioak sustatzea hiribilduko gazteen artean.
Bizilabe Bilbao ikerketa-zentroa da, non 10 eta 17 urte bitarteko gazteek, ikasturte osoan zehar eta eskolaz kanpoko orduetan, zientziari eta teknologiari lotutako proiektu eta jarduerak egiten baitituzte ikertzaile profesionalen laguntzaz. Bilboko Udalak eta Elhuyar Fundazioak 2017. urtean jarri zuten martxan ekimena, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Hiru egoitza ditu, Deustun, Zorrotzan eta Otxarkoagan, eta beste bat zabalduko da laster Basurtun; guztira, 79 gazte biltzen ditu zentroak.
Bizilabe Bilbaon parte hartzen duten 12 eta 16 urte bitarteko 46 neska-mutil bertaratu dira Parekoen Topaketa ekimenera, zientziari eta teknologiari lotutako lanbideen errealitatearekin konektatzeko xedearekin. Horretarako, STEM esparruan nabarmentzen diren hamaika emakume profesionalen laguntza izan dute, bertatik bertara ezagutu dezaten beren sektorearen ikuspegia, hainbat alor aintzat hartuta, hala nola enpresa, irakaskuntza eta ikerketa. Hala, erreferente diren emakumezkoak sortu nahi izan dira, ikasle gazteek etorkizuneko lanbide horietara bideratu dezaten beren prestakuntza, hurrengo urteetan nabarmenki areagotuko baita horien eskaria lan-merkatuan.
Bertaratu diren 46 neska-mutil horiek, lan-mahaietan banatuta, ikasturte honetan landu dituzten hamazazpi proiektu aurkeztu dizkiete profesionalei, eta haiek beren iritzia eman diete horietako bakoitzari buruz, bai eta iradokizunak egin ere. Ondoren, hamaika emakume horiek gazteei azaldu diete zertan datzan egiten duten lana eta nolakoak diren gauzatzen dituzten proiektuak; halaber, gazteek beren ekarpenak egin ahal izan dituzte.
Hauexek dira Parekoen Topaketa honetan parte hartu duten eta STEM esparruan diharduten hamaika emakumeak:
- Irantzu Calvo: Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea
- Elena Alberdi: Achucarro Basque Center for Neuroscence zentroko ikertzailea
- Cristina Penas: Biocruces Bizkaia Health Research Institute zentroko ikertzailea
- Leire Eguía: CIC bioGUNE zentroko ikertzailea
- Itziar Santxez: Imatek Advanced Technologies enpresako CEOa
- Ainhoa Errasti: Sidenor I+D enpresako ikertzailea
- Loreto Alcíbar: Addimen enpresako industria-diseinuko ingeniaria
- Verónica Tíscar: Bilbao-Basurto ESIko Ikerketa eta Berrikuntzako koordinatzailea
- Mónica Crespo: AcceXible enpresako matematikaria
- Cristina Galán: Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroko doktorego ikaslea, matematikan lizentziaduna
- Isabel Barriocanal: Ingeteam enpresako HW ingeniaria
Horiek guztiek aurretiko prestakuntza jaso dute Elhuyar langileen eskutik, jarduera honen dinamika ezagutu dezaten, lan-mahaiak eraginkortasunez gidatze aldera.
Hauexek dira Bizilabe Bilbao programako 46 gazteek aurkeztu dituzten proiektuak:
- Smart city (Ingeniaritza/Teknologia)
- Bioplastikoak (Ekologia/Kimika)
- Autoa (Ingeniaritza/Teknologia)
- Kosmetika ekologikoa (Ekologia/Kimika)
- Noria (Ingeniaritza/Teknologia)
- Kosmetika ekologikoa (Ekologia/Kimika)
- Kristalizazio-prozesuen azterketa (Kimika)
- Ureztaketa-sistema automatikoa (Ingeniaritza/Teknologia)
- Disoluzioak banatzeko tekniken azterketa (Kimika)
- Argia duen arropa (Ingeniaritza/Teknologia)
- Elkarren segidako efektuetarako makina (Teknologia)
- Erreakzio exotermikoaren bidez berotzen den botila (Kimika)
- Arcade makina, programatutako joystickarekin (Teknologia)
- Kosmetika naturala (Kimika)
- Aldapak igotzen dituen orga automatikoa (Ingeniaritza/Teknologia)
- Etxe automatizatua (Ingeniaritza/Teknologia)
- Supermerkatu automatizatua (Ingeniaritza/Teknologia)
Parekoen Topaketa ekimenaren baitan, aurreko aste osoan zehar, Bizilabe Bilbao programan parte hartzen duten gazteek inguruko hainbat ikerketa- eta unibertsitate-zentro bisitatu zituzten, hala nola UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskola eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM). Helburua da STEM esparruko lan-errealitatera gerturatzea ikasleak eta, bide batez, hurbileko erreferenteak erakustea, beren bokazio zientifiko-teknologikoa sendotzeko lagungarria izango delakoan.
Bizilabe Bilbao programako neska-mutilekin esperientziak trukatzeko hamaika emakume profesional aukeratu izanak erantzuna ematen dio hiribilduko gazteen STEM ikasketen harira Bilboko Udalak eta Elhuyar Fundazioak 2020an egindako azterketan agerian geratu zen beharrizanari. Txosten horretan ikusi zen neskek bokazio zientifiko-teknologiko txikiagoa dutela mutilekin alderatuta. Joera hori hainbat faktorek bultzatzen dute; besteak beste, aipatzekoak dira genero-estereotipoak, eragina baitute bai STEM esparruari lotutako gaiekiko interesean, bai ogibideen aukeraketan. Gauzak horrela, mutilek teknologiari lotutakoak aukeratu ohi dituzte eta neskek, ostera, irakaskuntzari eta osasun-zientziei lotutakoak. Hori dela eta, zientzia eta teknologiaren alorretan erreferente diren emakumeak erakutsi nahi izan zaizkie ikasle gazteei, lagungarria izango baita azaldutako joera aldatzeko.
Hemen saioan grabatutako bideoa.