2022/12/07

Aurtengo udazkenean STEAM tailerrak eskaini ditu Elhuyarrek Tolosan, Zeberio eta Arrigorriagan, eta Gasteizen

Aurtengo udazkenean STEAM tailerrak eskaini ditu Elhuyarrek Tolosan, Zeberio eta Arrigorriagan, eta Gasteizen

Udazkenean, urritik abendura bitartean, STEAM tailerrak eskaini ditu Elhuyarrek honako helburu hauek betetzeko:

  • Kultura zientifiko eta teknologikoa garatzea parte-hartzaileen artean.
  • Parte-hartzaileen jarrera ekintzailea bultzatzea.
  • Talde-lana bultzatzea.
  • Zientzia eta teknologiarekiko gozamena piztea.
  • Aisialdian, edo ikastetxeko jardueretan, STEAM hezkuntzako ekintzak egitea.
  • STEM lanbideak umeengana hurbiltzea.
  • STEM lanbideen inguruko estereotipoak apurtzen saiatzea (batez ere genero-estereotipoak).

Eta horiekin batera, noski, parte-hartzaileen arteko harremanak sendotzea, eta euskararen erabilera sustatzea.

Irizpide horiek oinarri hartuta, saio hauek egin ditugu:

  1. Tolosan, 10-14 urteko gazteek STEAM challenge tailerrean parte hartu dute urriko lau ostiraletan. Tailerraren bidez, STEM diziplinen inguruan dauden aurreiritziak baztertu, eta zientziak (S), teknologia (T), ingeniaritza (E) eta matematikak (M) interesgarriak eta dibertigarriak izan daitezkeela ikusi dute.
  2. Nerbio-Ibaizabal eskualdean ekintza bat baino gehiago egin dira; esate baterako:
    1. Arrigorriagako eskolan, bi tailer labur egin dira eskola-orduetan, azaroaren 4an eta 11n; anatomiako tailerra eta biologiako tailerra, hurrenez hurren.
    2. Arrigorriagako Gaztegunean, sukalde-zientziari buruzko tailerra egin da gazteentzat azaroko larunbatetan.
    3. Ugao-Miraballeseko Mirabatxo Klubean, gazteentzako aisialdiko saioak egin dira azaroaren 12an eta 26an, anatomiako tailerra eta argiaren tailerra ardatz hartuta.
    4. Zeberioko udalean, gazteentzako anatomiako tailerra egin da, abenduaren 2an.
  3. Gasteizen, berriz, urrian hasi eta 2023ko maiatza bitartean, 6 saio emango dira, Ignacio Aldecoa kulturgunean. Esperimentu-tailerrak antolatu dira gazteentzat, hilabete bakoitzeko azken ostiralean (abendua kenduta).

Ekintza horietan guztietan 150 gaztek baino gehiagok hartu dute parte, eta emakumezko STEAM hezitzaileek gidatu dituzte guztiak: Saioa Aranburuk, Sara Alicantek eta Arantza Muguruzak.

Eusko Jaurlaritza
nuevo-bizkaia-forualdundia.jpg
Logo_Bilbao.gif
Elgoibarko udala
Laudioko udala
Abanto-Zierbenako udala