Ateak ireki ditu Bilboko Bizilabe guneak
200 m2 baino gehiago ditu, eta Deustuko Udaltegian kokatuta dago, besteak beste, hainbat ikastetxe dituelako inguruan, baita Bilboren etorkizunerako estrategikoak diren zenbait sektore ere (ikerketa, teknologia, zientziak, industria digitalak...).
Bizibale sareko lehenengo zentroa abiatzeko ekintza gisa, gazteentzat bideratu eta diseinatutako zenbait tailer egiten ari dira urriaz geroztik, ikertzaileak eta adituak gidari dituztela, Elhuyarren STEM hezkuntza-ereduari jarraituz, hau da, "gazteen zientzia-bizipenak eta komunitatea" leloa oinarri erabilita, abentura eta esperimentuen bidez.
Bizilaberen helburua da aisialdi adimenduna eskaintzea gazteei, curriculumetik eta eskola-ordutegitik kanpoko ekintzak proposatuz, eta, azken buruan, haien borondatez sormena gara dezaten, bai eta lanbide horiekiko zaletasuna ere piztu dakien. Halaber, sarearen helburu estrategikoetako bat tokian tokiko enpresa zientifiko-teknikoekin elkarlan-sarea sortzea da (komunitatea), gazteentzako erreferentzia izango dena. Elkarlan hau hainbat ekintzatan gauzatuko da, esate baterako, enpresak bisitatzea eta haien profesionalekin bizipenak partekatzea. Bilbon, adibidez, Erabi eta Material Connexion enpresetara bisitak antolatu dituzte.
Era berean, zeharkako beste hiru helburu ere baditu Bizilabek: neskak zientzia eta teknologiara erakartzea; euskararen erabilera sustatzea; eta baliabide gutxiagoko ikasleengan aukera-berdintasuna sustatzea, maila sozioekonomiko desberdinetako gazteen arteko aldeak gainditze aldera.
Aste honetan Bilboko hainbat ikastetxe gonbidatu dituzte Bizilabe bisitatzera, gazteei zentroa ezagutzera emateko, hango jardueren berri eman zaie ikasleei zein haien senideei.
Bizilabe ekimena aurkezteko eta inauguratzeko astearen azken ekitaldi gisa, gaur, ostirala, 18:00etan, jai bat egingo da, herritarrei eta, bereziki, 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta, besteak beste, instalazioak ikusteko aukera izateko. Deustuko Barrutiko Udaltegiko Batzar Aretoan hainbat stand egongo dira, hala nola, UPV/EHU edo Erabi eta Material Connexio enpresak, beste laguntzaile batzuk eta Bizilabe tailerretan parte hartu duten gazteak. Stand horietan eurek egindako esperimentu eta prototipoak erakusgai egongo dira.
Jaia girotzeko, eraikinaren kanpo aldean DJ karpa bat egongo da musikarekin, eta Adrenalina ikuskizun zientifikoarekin amaituko da ekitaldia.