Urola Erdiko Zientzia eta Teknologia Azoka ospatu da
Iraurgi Berritzenek –Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentzia-, eskualdeko ikastetxeekin lankidetzan eta Elhuyar Fundazioaren laguntzaz, gaztetxoen artean zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzeko proiektua garatu du 2017/18 ikasturtean zehar.
Ikasturtean zehar, gaztetxoek euren proiektuen garapenean, Euskal Herriko ikertzaile ezberdinekin harremanak izateko aukera izan dute.
Aurten, bigarren urtez jarraian, eskualdeko gaztetxoen artean zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzeko proiektua garatu da. Ekimenak, Iraurgi Berritzenen sarearen baitan, orain bizpahiru urte identifikatutako beharrei erantzuna ematea du helburu. Hain zuzen ere, eragile-sarean, ikastetxe, udal nahiz enpresek hauteman dute eskualdean zientzia- eta teknologia-gaitasunak lantzeko beharra, eta, testuinguru horretan, eskualde ikuspegitik, ezinbestekotzat jo da hezkuntzan zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzea.
Iaz landu zen ekimenarekin alderatuta zenbait berrikuntza ekarri ditu aurtengo edizioak eta bi fase nagusitan egituratu da hau. Batetik, eskualdeko ikastetxeetan, DBH eta Batxiler mailan zientzia eta teknologia alorrei lotutako irakasgaiak eskaintzen dituzten irakasleei, bi goizeko prestakuntza mintegia eskaini zaie. Bertan, proiektuen gidaritzarako oinarri metodologikoak ezagutzeaz gain esperientzia nahiz proiektu ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute.