218 saltokik bat egin dute Elhuyarrek sustatutako “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenarekin
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izango da otsailaren 11n. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko. Egun horretarako, bosgarren urtez, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan Elhuyarrek, eta Abanto-Zierbena, Arrasate, Arrigorriaga, Barakaldo, Bilbo, Durango, Elgoibar eta Irurako 218 saltokik hartuko dute parte, otsailaren 3tik 11ra.
Establezimendu bakoitzak (ikusi parte hartuko dutenen zerrenda) emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute.
Azken urteetan bezala, aurten ere, GINKANA batean parte hartzeko aukera izango da. Horretarako, mugikorrean Actionbound aplikazioa jaitsi, eta, dendaz denda, omendutako 12 emakumeen kartelak bilatu eta haien QRak eskaneatu beharko dira. Emakumeen kartel bakoitzeko QR kodea eskaneatuta, emakume horren inguruko galdera bati erantzun beharko zaio. Horrela, saltokiz saltoki, 12 emakumeen QR kodeak bilatu eta galdera guztiei erantzun arte.
Horrez gain, “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik, “Zientzia-emakumeak argira” erakusketa zabalduko da otsailean Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Durango, Iruñea eta Ordizian.
Ekimen hau duela bost urte sortu zuen Elhuyarrek Bizilaberen barruan, hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-eskaintzaren barruan. STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzen, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie gazteei, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
12 EMAKUME ZIENTZIALARI OMENDUAK
Aurtengo edizioan, emakume zientzialari hauek omenduko dira “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean:
- Amena Karimyan (Herat, Afganistan, 1996). Astronomoa, aktibista eta idazlea
- Dorotea Barnés González (Iruñea, Nafarroa, 1904-2003). Kimikaria
- Halet Çambel (Berlin, Alemania, 1916-2014). Arkeologoa eta eskrimalaria
- Harriet Martineau (Norwich, Erresuma Batua, 1802-1876). Ekonomialaria eta soziologoa
- Jeanne Baret (La Comelle, Frantzia, 1740-1807). Botanikaria
- Lurdes Ansa Maiz (Andoain, Gipuzkoa, 1961). Zientzia-materialen edizio-arduraduna
- Margaret Crane (Indiana, AEB, 1941). Publizista eta asmatzailea
- Maria Jesus Esteban Galarza (Alonsotegi, Bizkaia, 1955). Matematikaria
- Nawal El Saadawi (Kairo, Egipto, 1931-2021). Medikua, idazlea eta aktibista
- Patricia Rodríguez Brennan (Bogotá, Kolonbia, 1971). Biologo ebolutiboa
- Suzuko Ainhoa Tamura (Aichi, Japonia, 1934-2015). Hizkuntzalaria
- Uxue Lazcano Dobao (Bergara, Gipuzkoa, 1995). Biologo konputazionala