2025/06/13

Bilboko gazteek 30 proiektu zientifiko-teknologiko baino gehiago aurkeztu dituzte Bizilabe Egunean

Basurtuko, Deustuko, Otxarkoagako, Alde Zaharreko eta Zorrotzako gazteek hartu dute parte
Bilboko gazteek 30 proiektu zientifiko-teknologiko baino gehiago aurkeztu dituzte Bizilabe Egunean

Bilboko Bizilabe Eguneko argazki-galeria

Bilboko Bizilabe Egunaren bigarren edizioan, 100 gazte inguruk parte hartu dute, eta 30 proiektu zientifiko eta teknologiko baino gehiago aurkeztu dituzte Bilboko Zabalgune eraikinean. Bertan parte hartu duten gazteen senideez gain, Bilboko Udaleko ordezkariak izan dira, Bilboko Bizilabe proiektuaren sustatzaile gisa, Aitziber Lasa Iglesias Elhuyarreko STEAM Hezkuntzako koordinatzailearekin batera.

Bizilabe Elhuyarrek sortutako proiektua da, eta komunitate osoaren inplikazioarekin gazteei bizipen zientifikoak eskaintzea du helburu. 2024-2025 ikasturte honetan, Bizilabe eskolaz kanpoko jarduera izan dute Alde Zaharra, Basurtu, Deustu, Otxarkoaga, Zorrotza eta Espernatzan. Guztira, 141 gaztek hartu dute parte, 13 taldetan banatuta; horietatik % 48 neskak izan dira; Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 101 gazte, DBHko 1. eta 2. mailako 31 gazte eta DBHko 9 gazte.

Eskolatik kanpo zientziaz eta teknologiaz hitz egiteak onura ugari eskaintzen ditu: kontzeptu zientifikoak hobeto ulertzen dira, teoriatik praktikara pasatzea errazten da, teknologia berrien erabilera sustatzen da eta ezagutza zientifikoaren zeharkakotasuna lantzeko aukera ematen du. Hala, gazteak konturatzen dira zientzia beren eguneroko bizitzako alderdi askotan dagoela, batez ere gizarte-gai kritikoetan, hala nola kutsaduran edo jasangarritasunean. Jarduera horien bidez, gai horiei buruz hausnartzen eta eztabaidatzen dute, eta horrek pentsamendu kritikoa garatzen laguntzen die. Halaber, emakumezko ikertzaileekin loturak ezartzeak eragin positiboa du, bereziki neskengan. Aisiak funtsezko zeregina du haurren eta gazteen garapen pertsonalean eta sozialean, eta Bizilabek balioa eman nahi du arlo horretan.

     

Hauek dira , Bizilabe Egunean, Zabalgune Eraikineko atarian, ikasturte amaierako ekitaldi gisa aurkeztu diren 30 proiektuak:

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako proiektuak:

  • Bi jokalarirentzako labirinto jokoa kartoizko kaxa batean. Joko honetan, metalezko bola bat labirintoan zehar eraman behar da, eta helburura iristean zirkuitua itxi eta puntu bat gehitzen da. Proiektu honek sormenaren, talde-lanaren eta elektronikaren oinarrizko kontzeptuak uztartzen ditu.
  • Lau irin-mota alderatzea, likido ez-newtondar onena zein den zehazteko.
  • Teknologia eta moda uztartuz, “e-ehungintza” kontzeptua ezagutu dute.
  • Plastiko birziklatuzko pinak eta giltzatakoak egin ditutze, plastikoen propietate fisikoak eta disoluzioen kontzeptua esperimentalki aztertuz. Jarduera honen bitartez, kimika eta diseinua landu dituzte.
  • Saskibaloiko saskiratze bat diseinatu eta eraiki dute, non puntuazioa automatikoki konputatzen den plaka elektroniko baten bidez.
  • Bioplastikoak sortu dituzte. Metodo zientifikoaren urratsak praktikan jarriz, esperimentazioaren bidez jakin nahi izan dute plastiko alternatibo hori nola ekoizten den eta zein baldintzatan lortzen diren emaitzarik onenak.
  • Beren auto elektriko propioak diseinatu eta eraiki dituzte. Horretarako, zirkuitu elektriko sinple baten oinarrizko osagaiak ikasi dituzte.
  • Likido ez-nahaskorrak erabiliz, orbitatzen ari diren planetak diruditen formak lortu dituzte.
  • Esferifikazioak, azukrezko kotoia eta kontserbak egin dituzte.
  • Erreakzio kimikoen bidez, “elefanteentzako hortzetako pasta” egin dute.
  • DNArekin lana egin dute. Proiektu honen helburua DNA eta proteinak ulertzea eta proteina bat diseinatzea da. Horretarako, lehen DNA erauzketa bat eta gozokiekin maketa bat egin zuten. Ondoren, DNAren bidez zifratutako mezu bat deszifratu behar izan zuten, DNAk proteinak kodetzen baititu. Azkenik, bakoitzak bere proteina diseinatu zuen.
  • Bilbon aurki daitezkeen hegaztiak identifikatzen ikasi dute, eta materialak berrerabiliz txori-jangela diseinatu eta egin dute.
  • 3D boligrafoekin sortu daitezkeen hainbat objektu sortu dituzte. Batzuk apaingarri gisa eta beste batzuk eguneroko objektu gisa.
  • Lurrin solidoak eta ezpain-pintura egin dituzte, osagai natural eta ez toxikoekin.
  • Zianotipiaren teknikan oinarritutako hostoen argazkiak sortu dituzte.

 DBHko 1. eta 4. mailetako proiektuak:

  • Itsasoetako plastikoak biltzeko gai den itsasontzi bat diseinatu eta eraiki dute. Uhal garraiatzaile baten bidez, ontzian azaleko hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko sistema eraginkorra sortu dute, ingurumena errespetatzen duen eta itsasoko bizitzarako segurua den irtenbidea proposatuz.
  • Menda eta limoia bezalako elikagai naturalak ahoa garbitzeko baliagarriak diren aztertu dute. Horretarako, ahotik hartu dituzte laginak, eta bakterioek hainbat tratamenduren aurrean duten portaera konparatu dute metodo zientifikoari jarraituz.
  • Sodio alginatotik eta kaltzio klorurotik ekoiztutako bioplastikoaren propietateak ikertu dira, bereziki materialaren trinkotasuna eta malgutasuna baldintza desberdinetan aztertuz. Analisia egin ondoren, bioplastiko hori tresna baliagarria bihurtu da liburua zabalik mantentzeko euskarri baten diseinuan eta fabrikazioan, eguneroko arazo bati irtenbidea emanez.
  • Ispilu infinituko prototipo bat fabrikatu dute, teknologia eta artea lotuz.
  • Egunerokoan erabiltzen ditugun gainazaletan zenbat bakteria dauden aztertu dute. Horrez gain, garbiketako produktu desberdinen eraginkortasuna ere frogatu zuten.
  • Esku bat eraiki dute sistema hidrauliko batekin eragiteko.
  • Pastaren “al dente” puntuaren propietate fisikoak neurtu dituzte.
  • Ureztatze-sistema automatikoa diseinatu dute.

Proiektuen erakusketaren ondoren, Bizilabeko gidariek zientzia-esperimentuen ikuskizun parte-hartzailea egin dute. Besteak beste, huts-ponparekin eta Van der Graaf-arekin presioaren eta elektrizitatearen inguruan ikasi eta une atsegin eta dibertigarria igaro dute. 

     

2017an Bilboko Bizilabek Deustun ateak ireki zituenetik, Bilboko beste lau eremutara zabaldu da: 2021ean jarri zen martxan Otxarkoagan, 2022an Zorrotzan, 2023an Basurtun eta 2024an Esperantza Frontoian.  2017tik gaur arte 950 gaztek  baino gehiagok hartu dute parte proiektuan.  Gainera, Bizilabeko komunitatea hazten joan da, eta dagoeneko 30 enpresa baino gehiago, 53 ikastetxe eta 300 saltoki inguru batu dira.   

Bizilabe, 2017tik hazten ari den sarea

Elhuyarrek sortutako Bizilabe proiektuak gazteen artean esperientzia zientifikoak eta teknologikoak sustatu  nahi ditu, komunitatearen parte-hartzearekin,  2017tik.  Izan  ere,  hainbat ikerketak erakutsi dute esperientzia zientifiko goiztiarrek eragina dutela haurren etorkizuneko itxaropenetan. Hala, neska-mutilek Bizilaben lan egiten dute proiektuak eta ikerketak egiten, zientzia- eta/edo teknologia-ikasketak dituzten pertsonek gidatuta. Planteatutako jardueren bidez, haurrek askotariko ezagutzak bereganatzen dituzte eta beren proiektu zientifiko eta teknologikoak garatzen dituzte. Gainera, ikertzaile profesionalekin egindako “Parekoen Topaketa” ekimenari, Bizilaben jasotako ikertzaileen bisitei edo Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela-eta antolatutako ‘Erakusleihoak otsailaren 11’ ekimenari esker, gazteek eguneroko lana eta esparru horietako benetako erreferenteak ezagutu dituzte. Halaber, enpresetara eta zentro teknologikoetara egindako bisiten bidez, inguruko errealitate zientifiko eta teknologikoa ezagutu ahal izan dute.

Antolatzaileek nabarmendu dute erreferenteak funtsezkoak direla belaunaldi berriak inspiratzeko eta STEM diziplinetan interesa sustatzeko. Hori dela eta, Bizilabek bermatzen du zientzia- eta teknologia-arloko gazteak diren orientatzaileak egotea. Haien parte-hartzeak genero-estereotipoak hausteaz gain, STEMen lan egiteak esan nahi duenaren irudi hurbila eta errealista ematen die parte-hartzaileei, eta erakusten du diziplina zientifiko eta teknologikoetan guztientzako lekua dagoela.

2025-2026 ikasturterako izen-ematea zabalik

2025eko urrian hasi eta 2026ko maiatzean amaituko den “Izan ikertzaile eta asmatzaile” Bilboko Bizilabe programan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago jada.

Eman izena Bilboko Bizilaben