2021/05/17

Bilboko gazteen 'STEAM Diagnosia' aurkeztu da

STEM lanbideei eta gaiei buruz 14 eta 16 urte arteko gazte bilbotarren artean lortutako ondorioek argi uzten dute neskek bokazio zientifiko-teknologiko txikiagoa dutela mutilekin alderatuta.
Bilboko gazteen 'STEAM Diagnosia' aurkeztu da

 Bilboko Udalak eta Elhuyarek Bilboko gazteen STEAM azterketaren (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) emaitzak aurkeztu dituzte. Bilboko Udaleko Ekonomia Garapena, Merkataritza eta Enplegua Saileko zinegotzia den Xabier Ochandianok eta Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzailea den Garazi Andonegi Beristainek aurkeztu dute txostena. Anbizio handiko txostena da, eta ikasleek zientzia eta teknologiagatik zein STEM lanbideengatik eta gaiengatik duten bokazioaren interesa jaso da bertan.

Bilboko 14 ikastetxetako DBHko 3. eta 4. mailetako 1.029 gazteren emaitzak jaso dira. Parte-hartzaileen % 47,9 neskak izan dira, % 48,4 mutilak eta % 3,7 ez binarioak.

Honakoak izan dira ondorio nagusiak:

  • Betiko genero-estereotipoek eragina dute gazteek gai horretan duten interesa zehazteko orduan. Oro har, neskek interes handiagoa dute askotariko gaiengatik, eta mutilak, ordea, gai zehatz batzuetan ardazten dira, askoz gehiago egin ere. Zientziak eta teknologiak espazio mugatua dute neskei interesatzen zaizkien askotariko gai guztien artean. Mutilen interesei dagokienez, aldiz, ugarienak dira.
  • Genero-estereotipoek, halaber, eragina dute etorkizuneko lanbideak hautatzeko orduan. Neskek, batik bat, irakaskuntzarekin eta osasun-zientziekin zerikusia duten lanbideak hautatu dituzte, eta, mutilek, berriz, teknologiarekin zerikusia duten gaiak aukeratu dituzte.
  • Ikasgaiekiko interes-maila, oro har, baxua da. Neskek artearekiko eta biologiarekiko interes handiagoa erakutsi dute, eta mutilek informatikarekiko zein teknologiarekiko interesa.
  • Gazten arabera, STEM profesionalak pertsona langileak, azkarrak, buru-jantziak eta pazientzia handikoak dira eta ikusmina dute. Kalifikatzaile horietako batzuk oso ohikoak dira ikasle onak deskribatzeko orduan. Gazte askoren iritziz, lanpostu horietan lan egiteko, ikasketa-prozesu luze, zorrotz eta zail bat bete beharra dago. Ondorioz, gora egiten du beste mota batzuetako ikasketak aukeratzeko probabilitateak.
  • Etorkizunean STEM alorrean lan egiteari dagokionez, neskek eta mutilek gaitasun-maila ezberdina aitortzen diote beren buruei: mutilen % 46,9k uste du sektore horretan lan egingo duela, bai eta nesken % 29k eta ez binarioen % 26,3k ere.
  • Neskek eta mutilek oso ikuspegi ezberdina dute STEM profesionalen bizitzeko moduari dagokionez: mutilek modu altuagoan baloratzen dute (6,7) eta interes handiagoa dute etorkizunean STEM alorrean lan egiteko. Mutilen % 43,1ek eta nesken % 24,6k STEM alorrean lan egiteko interesa erakutsi dute.
  • Orokorrean, gazteen aburuz, zientzia eta teknologian ari diren emakumeen eta gizonen lan-baldintzak ezberdinak dira, baina ikuspegi positiboagoa dute Bilbori dagokionez, ezberdintasun horiek leundu baitituzte.
  • Gazteen erdiak (% 46,5), gutxi gorabehera, ez du Bilboko industriaren berri, eta ez zaie bereziki erakargarria iruditzen eskualdeko industrian lan egitea. Hala eta guztiz ere, gazte batzuek, neskak zein mutilak, alderdi positiboekin lotu dituzte eskualdeko industria eta lana.

Oro har, azterlanaren emaitzen arabera, Bilbon STEM jardueraren inguruko ezagutza baxua da, eta neskek bokazio zientifiko-tekniko txikiagoa dute mutilekin alderatuta.

Galdetegiaren emaitzak hemen daude jasota:

 

 

Eusko Jaurlaritza
nuevo-bizkaia-forualdundia.jpg