Bárbara San Pedro Abalia

“Nire erabakian eragina izan zuten zientziekiko nuen interesak, nire familia-inguruneak eta gai horiei buruzko oinarri on bat izaten lagundu zidan irakasle bat izateak”.

Bárbara San Pedrok Cementos Rezolan lan egiten du 2003az geroztik; gaur egun, Arrigorriagako Cementos Rezola lantegiko Kalitatea eta Ingurumena Saileko arduraduna da. Prestakuntza-aldia Italian egin zuen, eta 2004 eta 2008 bitartean Malagako lantegiko ekoizpen-saileko (Ehotzea eta Labea) arduraduna izan zen.

Zer ikasi zenuen? Zergatik erabaki zenuen hori ikastea? Nola iritsi zinen STEM profesionala izatera?

Ingeniaritza Kimikoa ikasi nuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Berrikuntzaren eta Teknologiaren Kudeaketako Masterra egin nuen Deustuko Unibertsitatean.

Nire kasuan, ez dut bokazio profesionalez hautatu STEM profesionala izatea. Adar zientifiko-teknikoa hautatu nuen, zientzietan ondo moldatzen nintzelako eta horretan interesa nuelako, baita familia-inguruneagatik ere; izan ere, ama biologoa da, eta aita, berriz, ingeniari industriala. Bestalde, Kimika eta Fisikako irakasleak gai horiei buruzko oinarri on bat izaten lagundu zidan, eta hori ere garrantzitsua izan zen.

Niretzat, oso esperientzia aberasgarria izan zen karrerako azken urtea eta proiektua Norvegian egitea, Erasmus bekarekin. Esperientzia pertsonalaz gain, ingeles-maila hobetzeko balio izan zidan, eta gero ohartu nintzen laneko elkarrizketetan positiboki baloratzen dela, orokorrean.

Karrera amaitu nuenean, Eusko Jaurlaritzaren beka bat lortu nuen, eta, horri esker, ingurumenaren alorreko Europako zenbait ikerketa-proiektutan parte hartu nuen; aldi berean, Berrikuntzaren eta Teknologiaren Kudeaketako Masterra egin ahal izan nuen Deustuko Unibertsitatean. Garai hartan, Ingalaterran bi hilabeteko egonaldia egiteko aukera ere izan nuen.

Cementos Rezolan izan nuen lehen esperientzia profesionala. Gogoan dut ez zela erabaki erraza izan, ez bainuen ezagutzen ez zementuaren sektorea ez nirea izango zen lanpostua, baina garrantzitsua iruditu zitzaidan saiatzea behinik behin. Italian prestakuntza-aldi bat egin ondoren, Malagako fabrikan hasi nintzen lanean; lehenengo, zementua ehotzeko sailaren arduradun gisa, eta, gero, egoste-lerroko arduradun gisa. Hasiera gogorra izan zen; ez nituen lankideak ezagutzen, eta lan-erritmoa handia zen. Denborak aurrera egin ahala, pozgarria da aurreratzen eta hobetzen ari zarela ikustea. Geroago, Arrigorriagako zementu-fabrikara lekualdatzeko eskatu nuen, eta Kalitatea eta Ingurumena Saileko arduradun gisa hasteko aukera izan nuen.

Zertan datza zure lana?

Cementos Rezolako Kalitatea eta Ingurumena Saileko arduraduna naizen aldetik, askotariko lanak egiten ditut: legeria etengabe berrikusi, eta betetzen dela ziurtatzen dut; ingurumen-kontroleko lanak antolatzen ditut eta emaitzen jarraipena egiten dut, desbideratzeak gertatuz gero ekintza zuzentzaileak ezartzeko; ingurumenaren alorreko hobekuntza-helburuak ezarri, eta haien jarraipena egiten dut; ikuskapenei kasu egiten diet; barne-prestakuntzetan eta bisita gidatuetan parte hartzen dut; dirulaguntzak eskatzeaz arduratzen naiz...

Egunerokoan, atmosferarako gas-emisioen eta kalitatearen bezperako datuak aztertzen ditut, eta neurketa-ekipoek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzen dut. Bilerak izaten ditut nire saileko lankideekin eta gainerako sailekin, fabrikaren egoeraren berri izateko eta lanak koordinatzeko. Egun bereziak ere izaten dira: ikastetxeetako bisitak, urte bateko lana berrikusteko ikuskapenak, neurketa-ekipoen berrikuspenak teknikari espezializatuekin, bilerak Eusko Jaurlaritzako administrazioko teknikariekin, eta abar.

Zer duzu gogokoen zure lanetik?

Gustuko dut profesionalez osatutako talde bateko kide naizela sentitzea, non bakoitzak bere ekarpena egiten baitu helburu komun bat lortzeko. Gustuko dut lanean gauza desberdinak egitea, beste sail batzuekin harremana izatea, baita enpresakoak ez diren pertsonekin ere, eta bulegoko lana eta landa-lana txandakatzea.

Alderdi teknikoari dagokionez, ingurumena da gehien atsegin dudana. Egiten dugun zementua hormigoiaren osagai nagusia da, eta ezinbestekoa da eraikinak egiteko eta herri-lanetarako (errepideak, zubiak...); beraz, ezinbestekoa da gizartearen garapenerako. Zementua fabrikatzeko, beste industria-prozesu batzuetako hondakinak erabil daitezke, eta, hala, haien inpaktu negatiboa murrizten da; adibidez, galdaketako moldeetako harea erabiltzen dugu, eta hondakindegira bota behar izatea saihesten dugu.

Lanean, zein da zure erronkarik edo zure motibaziorik handiena?

Gaur egun, ez da bideragarria industria-jarduera bat ingurumena kontuan hartu gabe egitea. Gizartea aldatu egin da; legeak gero eta hertsiagoak dira, eta gizarte-ingurunea, berriz, gero eta zorrotzagoa. Era berean, enpresek produktiboak eta lehiakorrak izan behar dute; beraz, erronka zera da, legea betetzea, albait gehien hobetuta, baina lehiakor izateari utzi gabe.

Nire motibaziorik handiena da sentitzea baliagarria naizela, talde bateko kidea naizela eta gauzak albait ongien egiten direla; bestalde, pozgarria da nire familiari ekarpen ekonomiko bat egin ahal izatea. Maila pertsonalean, bizitza pertsonala eta lana uztartzea da erronka.

Zer esango zenioke emakume gazte edo nerabe bati STEM ikasketak egitera edo zuen eremuan lan egitera bultzatzeko?

STEM ikasketak egitera bultzatzeko, ingeniari kimiko gisa, arrazoi hauek emango nizkioke emakume gazte edo nerabe bati:

  • Oso jarduera profesional desberdinetarako ateak zabaltzen dizkizute, eta oso litekeena da era batean edo bestean lan-merkatuan zuretzako leku bat izatea.
  • Ikasitakoa inoiz ez dago sobran; prestakuntza horrekin eta beste gaitasun/ikasketa osagarri batzuekin, hain teknikoak ez diren lanetan ere jardun dezakezu, hala nola komunikazioan, aholkularitzan, komertzial-lanetan, prestakuntzan... eta zeure kontura ere sor dezakezu zerbait.
  • Ez da aterik itxi behar. Karreraren zailtasunari beldurra kendu behar zaio, baina ez da ahaztu behar ikasi egin behar dela eta ahalegin handia eskatzen duela.
  • Estereotipoak hautsi behar dira. Zientzialari bat edo profil teknikoa duen pertsona bat ez da laborategiko pertsona bitxi bat. Pertsona normalak dira.
  • Ez da beldurrik izan behar gizonak nagusi diren industria-inguruneetan lan egiteko. Horretan arituta, egoera normalizatzen eta etorkizuneko belaunaldien estereotipoa aldatzen laguntzen dugu. Gero eta emakume gehiagok egiten dute lan hango eta hemengo lanpostuetan: kalitatea, ingurumena, erosketak, laborategia, mantentze-lanak. Lantaldeetan, aniztasuna garrantzitsua da.
  • Gizarteak etorkizuneko erronkei aurre egin behar die, eta emakumeek erronka horiek konpontzen lagundu dezakete eta lagundu behar dute.

Bárbara San Pedro Abaliaren kartela deskargatzeko.

 

CEMENTOS REZOLA

Cementos Rezolaren Arrigorriagako fabrika 1963an jarri zen martxan, garapen industrialaren goraldian, eta abiatze hura inguruak inoiz izan duen bultzada industrialik handienetakoa izan zen. Bere historian zehar, fabrikak etengabeko bilakaera izan du. Europa mailan kalitatearen eta ingurumen-kudeaketaren esparruan dauden ziurtagiririk zorrotzenak lortu ditu, eta zementu-sorta zabala ekoizteko gai da; besteak beste, merkatuko berritzaileenetako batzuk.

Gaur egun, Cementos Rezolaren instalazioak HeidelbergCement Hispaniarenak dira, hau da, HeidelbergCement Group taldearen filial espainiarrarenak; talde hori agregakinen lehen ekoizlea da mundu mailan, zementuaren bigarrena eta hormigoiaren hirugarrena.

Arrigorriagako fabrikako labeetatik atera da Bizkaiko obrarik esanguratsuenetako batzuei bizia eman dien zementua: Bilbao-Behobia autopista, Bilboko metroa, Guggenheim museoa, kanpoaldeko badian Bilboko portuko Abra???? zabaltzeko lanak eta Euskalduna zubia, beste askoren artean.

Eusko Jaurlaritza