Gotzone Aranaga Olarieta eta Rosalía Torres Ratón
Gotzone Aranaga Olarietak eta Rosalía Torres Ratónek elkartzea eta proiektu komun bati ekitea erabaki zuten, elkarrekin egindako ibilbide profesionalean arkitekturaren eta eraikuntzaren alorrean esperientzia handia izan ondoren. Horrela sortu zen Artadi Arkitektura estudioa, 2008an. Galdakaoko bulegotik, eskualdean eta Bizkaia osoan eskaintzen dituzte beren zerbitzuak.
Zer ikasi zenuten? Zergatik erabaki zenuten hori ikastea? Nola iritsi zineten STEM profesionalak izatera?
Gotzone
Ikasle ona nintzen gai guztietan, baina zaletasun berezia nuen zientziekiko, eta marrazketa ere gustuko nuen. Beraz, nire azken erabakia Bilboko Telekomunikazio Ingeniaritzaren eta Donostiako Arkitekturaren artean zegoen. Arkitektura hautatu nuen, etapa berri bati ekiteko, bizilekua beste hiri batera aldatuta.
Unibertsitate-ikasketak Erasmus urte batekin osatzeko zortea izan nuen, Ingalaterran. Klasera joateaz gain, ostalaritzan lan egiten nuen, hango gastuei aurre egin ahal izateko. Funtsezko etapa bat izan zen nire bizitzan, ezagutu nuen jendearengatik eta Europan zehar egin ahal izan nituen bidaiengatik.
Erasmusetik itzultzean, karrera-amaierako proiektua egiten ari nintzela, praktikak egiten hasi nintzen arkitekto gazte batekin. Hasieratik berdinetik berdinera tratatu ninduen, eta konfiantza osoa izan zuen nigan. Harekin batera, delineatzaile bat ari zen lanean, Rosalía, eta gaur egun ere berarekin jarraitzen dut, bai lanean bai bizitza partekatzen. Hiruron artean, enpresa txiki bat sortu genuen, eta Rosalíak eta biok hor jarraitzen dugu, proiektuarekin bat egin zuen aparejadore batekin batera.
Rosalía
Hasiera-hasieratik, nire prestakuntza unibertsitatera sartzera bideratuta egon zen. Baina, unea iritsi zenean, selektibitatea gainditu ondoren, ez nuen bokazio argirik, eta horrek etorkizun profesionala birplanteatzera bultzatu ninduen.
Unibertsitate-ikasketak ordezkatzeko zerbait bilatu nuen, eta nire garaian ospe onik ez zuen bide bati ekitea erabaki nuen, lanbide-heziketari. Batxilergoan marrazketa teknikoan ongi moldatzen nintzenez, “Industria-delineazioko teknikari espezialista” izateko ikasketak hautatu nituen. Delineazio-ikasketekin batera erdi-mailako piano-ikasketak egin nituen, eta hori ere ongi amaitu nuen.
Nik egin nuen lanbide-heziketako graduak irtenbide profesional ugari zituen, eta ikasketak amaitu eta berehala hasi nintzen lanean; lehenengo, industriaren munduan, eta, gero, eraikuntzaren sektorean.
Zertan datza zure lana?
Gotzone
Nire lana hiru zatitan bana dezaket:
- Bezeroekin harremanak izatea. Etengabe egoten naiz bezeroarekin harremanetan, zer ideia duen edo zer arazo konpondu nahi duen azaldu diezadan. Esate batera, ametsetako etxea eraikitzea, etxebizitza batean igogailu bat jartzea... Proposatzen dizkiegun irtenbideak eta haien kostua kontrastatzen ditugu une oro, eta obraren bilakaeraren berri ematen diegu.
- Proiektua garatzea. Arauak betetzen dituen eta eraikitzea ahalbidetzen duen dokumentu batera eramaten ditut bezeroaren beharrak. Hau da, bezeroak eskatutako proiektuaren planoa eta txostena diseinatzen ditut, betiere eraikuntza-arauak errespetatuz.
- Obrak zuzentzea. Lanak hasieratik amaierara arte gainbegiratzen ditut, eta aurrez pentsatu bezala egiten direla ziurtatzen dut. Sortzen diren ezustekoak ere konpontzen ditut.
Teknologiaren erabilerak asko aldatu du gure lan egiteko modua, orain bulegotik nahiz etxetik lan egin baitezakegu. Telelana egiteko aukera izateak aukera ematen digu gure bizitza pertsonala eta profesionala hobeto uztartzeko.
Rosalía
Nik bi lan egiten ditut: administrazio-lana egiten dut, eta nire lankide diren arkitektoak eta aparejadoreak diseinatutako planoak garatzen ditut. Horretarako, marrazketa-programa informatikoak erabiltzen ditut.
Zer duzue gogokoen zuen lanetik?
Gotzone
Gehien gustatzen zaidana obra da, eraikuntza-lana, non bulegoan egindako lan guztia islatzen baita. Oso pozgarria da egindako ahalegin guztia zerbait fisiko bihurtzen dela ikustea, eta, lanak gogaikarriak, zikinak eta deserosoak badira ere, atsegingarria da azken emaitza ikustea eta jakitea pertsonen bizitza hobetzen lagundu duzula.
Hori oso ongi ikusten da igogailuak instalatzeko lanetan, aurrez igogailurik ez zuten eraikinetan. Bizilagun guztiek autonomia eskuratzen dute: mugikortasun-arazoak dituztenak errazago atera daitezke kalera, ume txikiak dituzten familiek aulkiak etxera igo ditzakete, etxe-aldaketak errazten ditu...
Rosalía
Gehien gustatzen zaidana da bezeroek buruan dakartzaten proiektuak taldean lantzea. Marrazketa eta diseinua asko gustatzen zaizkit; gainera, gaur egun teknologiak asko laguntzen du planoak 2Dn, 3Dn... egiten.
Sormen-lana da, eta diseinuak pisu handia du; hori ere gustatzen zait.
Lanean, zein da zuen erronkarik edo motibaziorik handiena?
Gotzone
Nire motibaziorik handiena da bezeroa lanarekin gustura geratzea. Arazoa konpontzen edo ametsa betetzen laguntzea. Normalean, lanak asko luzatzen dira, eta bezeroak ondo ezagutzeko aukera ematen dit horrek.
Erronka da bezero berriak lortzea; horregatik, oso garrantzitsua da ahoz ahokoak funtzionatzea eta egin dugun lanarekin pozik geratu diren bezeroen bitartez geure burua ezagutaraztea.
Rosalía
Motibaziorik handiena ongi egindako lana da, bezeroaren gogobetetasuna, ikustea bezeroak gure laguntza izan dezakeela bere ametsak egia bihurtzeko edo diseinuarekin edo eraikuntzarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko.
Zer esango zeniokete emakume gazte edo nerabe bati STEM ikasketak egitera edo zuen eremuan lan egitera bultzatzeko?
Gotzone
STEM ikasketei esker, arlo askotan moldatzen zara. Gizartea eta ezagutza aurrera doaz, eta ikasketa horiek tresna orokorrak ematen dizkizute, denborarekin espezializatzeko aukera ematen dizutenak.
Ni arkitektura ikasten ari nintzenean, ordenagailu bidezko marrazketa ez zen unibertsitatean irakasten; aurrerago ikasten genuen, gure kontura, karreran eskuratu genituen gaitasunei esker. Eta gauza bera gertatzen da orain egunero erabiltzen ditugun beste hainbat programarekin.
Oraindik ere, eraikuntzaren munduan gizonak dira nagusi, baina gero eta emakume gehiagok dihardugu taldeak eta enpresak zuzentzen, baita administrazioan ere. Lanbide honetan aritu naizen urte hauetan guztietan, emakumea izateak behin ere ez du ekarri inork nire aginpidea edo nire gaitasuna zalantzan jartzea.
Rosalía
Eraikuntzaren sektorean lanbide asko sartzen dira, eta gero eta emakume gehiago daude. Lanbiderik espezializatuenek lanpostu erakargarriak eskaintzen dituzte, hala nola arkitekturak eta arkitektura teknikoak, baina ez horiek bakarrik; lanbide-heziketatik abiatutako beste lanbide batzuek ere etorkizuna duten irtenbide profesionalak eskaintzen dituzte. Bulego teknikoetako lanpostuetatik hasita –nirea, adibidez–, obrako lanetara.
Gotzone Aranaga Olarieta eta Rosalía Torres Ratón-en kartela deskargatzeko.
ARTADI ARKITEKTURA
Artadi Arkitektura estudioa 2008an sortu zen, eta hau da lantaldea: Gotzone Aranaga Olarieta (arkitektoa), Rosalía Torres Ratón (delineatzaile proiektugilea) eta Borja García Fernández (aparejadorea). Beren azpiegitura kanpoko lankidetza-sare finko batekin osatzen dute, soluzio integralak emateko: dekorazioa, diseinu grafikoa...
Artadi Arkitektura estudioa Galdakaon dago, eta handik ematen diete zerbitzua Bizkaiko eta inguruko bezeroei. Askotariko lanak egiten dituzte: etxebizitza berriak eraiki, eraikinak birgaitu, merkataritza-lokalak diseinatu, irisgarritasun-azterketak egin eta oztopo arkitektonikoak kendu (adibidez, igogailuak jartzea), energia-ziurtagiriak...