Irene Gallardo Gómez

“Txikitatik gustatzen zait animazioa, eta, ingeniaritza informatikoari esker, ikusle gisa beti gozatu izan dudana sortzeko aukera dut”.

Irene Gallardo Gómezek Virtualwaren lan egiten du 2018az geroztik. Jakintza-alor anitzeko talde bateko kidea da, non analista eta programatzaile gisa dituen ezagutzak aplikatzen baititu; murgiltze-teknologiekin, aplikazio interaktiboak garatzen ditu, hala nola errealitate birtualeko simulagailuak.

Zer ikasi zenuen? Zergatik erabaki zenuen hori ikastea? Nola iritsi zinen STEM profesionala izatera?

Ingeniaritza informatikoko gradu bat ikasi nuen, eta informatika grafikoaren, jokoen eta errealitate birtualaren esparruko master bat egin nuen.

Txikitatik gustatu zait gauzak nola egiten diren jakitea, batez ere animaziozko filmak, liluratu egiten ninduten eta. Ordenagailuarekin jolasean ere asko gozatzen nuen. Zer ikasi aukeratzeko orduan, oso argi izan nuen; ingeniaritza informatikoak aukera ematen zidan ikusle gisa beti gozatu izan dudana sortuz lan egiteko ametsera hurbiltzeko. Eta, masterrari esker, ezagutza tekniko eta espezifikoagoak eskuratu nituen, oso lagungarriak Virtualwareko egunerokoan.

Ikasketak amaitu nituenean, Euskal Herrian lan egiteko aukerak ikertu nituen, eta berehala aurkitu nuen Virtualware. Atentzioa eman zidaten egiten ari ziren proiektuek, masterrean ikasi nituen zenbait xehetasun islatzen zituztelako. Ikasitako guztia praktikan jartzeko aukera bikaina zen.

Zertan datza zure lana?

Aplikazio interaktiboak eta errealitate birtualekoak sortzen ditut. Teknologia horiek ezin hobeak dira errealitatea fideltasunez birsortzen duten simulagailuen bidez trebatzen laguntzeko. Norbaiti errealitate birtualeko kasko bat jarri, eta guk sortutako errealitate birtual batera eraman dezakegu; mundu horretan, gaitasun berriak ikasiko ditu modu bisual eta entretenigarrian, eta osotasunean eta segurtasunez.

Sail guztiek (kudeaketa, diseinua, modelatzea...) elkarrekin eta etengabeko elkarlanean lan egiten dugu, erabiltzailea harrapatuko duen esperientzia berdingabea sortzeko.

Zer duzu gogokoen zure lanetik?

Gure proiektuak hainbat sektoretara zuzenduta daude, hala nola museoetara, osasunaren esparrura edo industriara, eta garapenean zehar xehetasun jakingarri asko ikasten ditugu: fabrikazio-prozesu batzuk nola egiten diren, lanbide batzuk zertan dautzan, zenbait gaixotasun nola tratatzen diren, etab.

Merkatuan dauden azken teknologiak eta gailuak probatzeko eta haiekin lan egiteko aukera eta abantaila handia ere badugu.

Hori guztia lan-giro bikainarekin egiten dugu; besteen laguntza izaten dugu beti, eta oso une dibertigarriak bizi izaten ditugu.

Lanean, zein da zure erronkarik edo zure motibaziorik handiena?

Gehien motibatzen nauena zera da, sormen-prozesu guztiaz goza dezakezula eta zure lanaren emaitzak berehala ikus ditzakezula. Garatzen ditugun aplikazioek erakargarriak izan behar dute alderdi bisualari dagokionez, eta erabilera-esperientzia entretenigarria eskaini behar dute. Zure onena emateko erronka dira beti.

Gainera, itzela da ikustea zuk garatutakoa erabiltzen dela eta benetan lagungarria izan daitekeela. Adibidez, prestakuntza-tresna gisa erabiltzen diren simulagailuak. Poz handia ematen du, eta zeure buruaz harro egotea eragiten dizu.

Zer esango zenioke emakume gazte edo nerabe bati STEM ikasketak egitera edo zuen eremuan lan egitera bultzatzeko?

STEM arloek diziplina ugari hartzen dituzte, zaletasun guztietarako egokiak direnak; etengabe ari dira aldatzen, eta inoiz ez zaio ikasteari uzten. Etorkizun jasangarri eta inklusiboagoa lortzeko aliatu handiak dira.

Garrantzitsuena da lana irrikaz egitea eta egiten duzun hori gustukoa izatea.

Irene Gallardo Gómezen kartela deskargatzeko

 

VIRTUALWARE

Virtualware enpresa informatiko bat da, 2004an Basaurin sortua. Haren helburu nagusia da errealitate birtualaren eta berrikuntzaren ahalmena sustatzea. Horretarako, VIROO daukagu; esperientzia birtual berdingabea da, eta murgiltzeko eta elkarrekin lan egiteko aukera ematen du, erabiltzaile anitzeko gelaren gaitasunei esker.

VIROOk urteko errealitate birtualeko enpresa-irtenbide onenaren saria jaso du. Errealitate birtualaren erabilera errazten du, ohiz kanpokoa eskuratzeko ahalmena ematen die enpresa eta erakundeei eta, era berean, gizarteari mesede egingo dioten metodologia jasangarriagoak integratzen laguntzen du.