Natalia García Alfonso

“Ez dago gizonen edo emakumeen lanbiderik; dagoen bakarra da lanbideak eta betetzeko dauden ametsak”

Natalia García Alfonsok Bridgestoneren Basauriko lantegian lan egiten du 2021eko otsailaz geroztik. Lantegi horretan, kamioientzako eta autobusentzako pneumatikoak egiten dira. Natalia Kolonbian jaio zen. 17 urteko ibilbide profesionalean, Asia, Afrika, Amerika eta Europako 8 herrialdetan lan egin du. Ingeniaritzako arduradun gisa, fabrikaren instalazioak funtzionamendu-egoera bikainean mantentzeaz arduratzen da.

Zer ikasi zenuen? Zergatik erabaki zenuen hori ikastea? Nola iritsi zinen STEM profesionala izatera?

Industria-ingeniaria naiz, mekanikan espezializatua, eta Sistemen Kudeaketa Integratuko masterra dut. Beti jakin nahi izan dut gauzek nola funtzionatzen duten, eta, mekanikan, nire galderen erantzun asko aurkitu ditut.

STEM profesional gisa hastea ez zen erraza izan; 2000ko hamarkadaren hasieran, ez zebilen emakume askorik ingeniaritza ikasten, eta hori lan-munduan islatzen zen. Normalean “bulegoko emakume bakarra” izaten naiz, eta horrek genero-roltzat hartzen direnak behin eta berriro definitzera eraman nau.

Nahiz eta emakumezko erreferenteak gutxi izan diren, lan egin behar izan dudan arloetan (proiektuen diseinua, mantentze-lanak eta kudeaketa) esperientzia lortzen lagundu didaten lankide eta arduradun bikainak edukitzeko zortea izan dut.

Zertan datza zure lana?

Irtenbide teknikoak eta kudeaketakoak ematen dituzten proiektuak zuzentzen ditut, eta makinak edo makinen aldaketak abian jartzeko eta horren bidez segurtasuna, kalitatea eta produktibitatea hobetzeko ardura dut. Bestalde, pneumatikoen fabrikazio-prozesuan sor daitezkeen arazoak konpontzeko irtenbideak bilatzen ditut. Adibidez, denbora gutxiagoan pneumatiko gehiago ekoitzi behar baditugu, nik eta nire taldeak prozesu batzuk robot bidez automatizatzen ditugu, batez ere elementu astunen zamaketa-lanari dagozkionak. Beste adibide bat: kontrol-elementuak behar baditugu, ikusmeneko eta adimen artifizialeko kamerak sartzen ditugu, zeinek pneumatikoen kalitatea bermatzen laguntzen baitigute.

Batzuetan ez da erraza arazo bakoitzaren irtenbidea identifikatzea; ikertu egin behar dugu arrazoia aurkitzeko eta irtenbiderik egokiena proposatzeko. Prozesu horietarako, analisia errazten diguten tresnak ditugu, eta lantalde bikain bat ere bai, hori guztia posible egiten duena.

Zer duzu gogokoen zure lanetik?

Egunero ikastea! Lantegian sortzen diren arazoak konpontzeko irtenbideak bilatu behar ditudanez, etengabe ari naiz ikasten.

Etengabe ikasteak berritzen laguntzen digu; adibidez, ekoizten ditugun pneumatikoen akatsak (eta ekoizpen-prozesuan gerta daitezkeenak) adimen artifizialaren bidez identifikatzeko, CO2-emisioak –eta, beraz, kutsadura– murrizteko eta gure energia-kontsumoa txikitzeko.

Lanean, zein da zure erronkarik edo zure motibaziorik handiena?

Motibatzen nauena da fabrikako arazoak konpontzen laguntzea eta gure lana giro seguruan eta taldean egitea.

Zer esango zenioke emakume gazte edo nerabe bati STEM ikasketak egitera edo zuen eremuan lan egitera bultzatzeko?

Ez jartzeko bere buruari genero-hesirik. Ez dago gizonen edo emakumeen lanbiderik; dagoen bakarra da lanbideak eta betetzeko dauden ametsak. Zerbait gustatzen bazaie eta alor horretan emakumezko erreferenterik ez badago, ez dezatela beldurrik izan lehenak izateko.

Natalia García Alfonsoren kartela deskargatzeko

 

BRIDGESTONE

Bridgestone Corporation taldearen eskualdeko Negozio Unitate Estrategikoa da Bridgestone Europan, Errusian, Ekialde Ertainean, Indian eta Afrikan (Bridgestone EMIA). Bridgestone Corporation munduko enpresa liderra da pneumatikoetan eta kautxutik eratorritako produktuetan, eta bere esperientzian oinarritzen da mugikortasun seguru eta jasangarrirako irtenbideak emateko.

Bridgestone EMIAren egoitza nagusia Zaventem-en (Belgika) dago. Enpresak 20.000 langile baino gehiago ditu, eta hartzen duen eskualdeko 40 herrialdetan dihardu. Bridgestonek produktu-sorta zabala eskaintzen du, premium pneumatikoetan eta soluzio aurreratuetan oinarritua. Teknologia berritzaileen laguntzarekin, bizitzeko, lan egiteko, mugitzeko eta dibertitzeko modua hobetzen dute.

Bridgestone filiala taldeak Europan duen filialik garrantzitsuenetako bat da, eta Espainiako lehen ehun enpresen artean dago. 3.000 langile inguru ditu; salmenta-bulego bat du Madrilen, eta hiru fabrika estatuan, Burgosen, Bizkaian eta Santanderren. Fabrika horietan, kalitate handiko Bridgestone eta Firestone pneumatikoen lerro oso bat ekoizten da.

Eusko Jaurlaritza