9-Charlotte Hym
Paris (Frantzia), 1992
Neurozientzialaria eta kirolari olinpikoa da (skaterra, Tokio 2020)
Txikitatik kirola oso gustuko zuen, eta 12 urterekin eskatu zuen bere lehenengo patinetea. Unibertsitatera joateko momentua heldu zitzaionean, Kirolaren Zientzietako lizentziatura ikastea erabaki zuen. Karrera bukatuta, Neurozientziako master bat egin zuen eta gai horretan ikertzaile gisa aritu zen, amaren ahotsek haur jaioberrietan duten eragina ikertuz. 2019tik Neurozientzia Kognitiboan eta Psikologian doktorea da.
Zehazki, jaioberrien mugikortasunean ama-estimulu desberdinek duten eragina aztertzen du. Jakina da jaiotzetik jaioberriak gai direla amaren sabelean modu independentean mugitzeko. Trebetasun hori, oraindik ere, bularrera joateko erreflexutzat hartzen da askotan, eta bizitzako lehen hilabeteetan desagertu egiten da. Hala ere, zenbait azterlanek iradokitzen dute etorkizunean mugitzeko (ibiltzeko) moduarekin zerikusia izan dezakeela eta ingurumen-estimuluen bidez alda daitekeela. Hala, doktoregoan, amaren ahotsak, ama-hizkuntzak eta ama-usainak jaioberriaren lokomozioan duten eragina ulertzen saiatu zen.
Kirolari dagokionez, 12-13 urte zituenetik dabil patinatzen, baina lehen tesi-urtean iritsi zen aldaketa handia, Joko Olinpikoetan parte hartzeko aukeraz hitz egin ziotenean. Halako aukera bat behin bakarrik iristen da bizitzan; beraz, onartu egin zuen, tesia ez zuela utziko argi izan arren. Tesi-zuzendariarekin hitz egin zuen, eta lana ateratzeko gai bazen arazorik ez zegoela esan zion. Ordutegi malgua zuenez, skatea eta ikerketa uztartu zituen. 2019an amaitu zuen tesia, eta, pandemiaren ondorioz jokoak urtebete atzeratu zirenez, denbora gehiago eskaini ahal izan zion Joko Olinpikoak prestatzeari, ikerketa alde batera inoiz utzi gabe. Tokio 2020ko Joko Olinpikoen kirol olinpiko gisa skateboardingaren debutean parte hartu zuen.
|