1-Marta Macho Stadler
Bilbo, 1962
Marta Macho matematikaria da, foliazioen teoria geometrikoan eta geometria ez-kommutatiboan espezializatua. Geometria eta Topologiako irakaslea da 1985etik Euskal Herriko Unibertsitatean.
Bere ikerketa oso teorikoa da eta topologiaren eremuan kokatzen da. Topologia espazioen propietate kualitatiboak aztertzen dituen matematikaren adarra da. Batzuetan, “plastilinaren geometria” esaten zaio. Izan ere, topologian, bi objektu baliokideak dira baldin eta batetik bestera pasa badaiteke hasieran zegoena hautsi gabe eta ezer itsatsi gabe. Topologian ez dira garrantzitsuak tamainak edo formak. Adibidez, errugbi-baloi bat eta futbol-baloi bat topologikoki baliokideak dira: forma eta propietate geometriko desberdinak izan arren, bolumen huts bat biltzen duten gainazalak direlako. Topologia matematikaren eta zientziaren adar askotan dago. Adibidez, biologian DNAren egitura topologikoa aztertzen da.
Hezkuntza- eta ikerketa-lanetatik harago, zientzia-dibulgatzailea ere bada Marta. Euskal Herriko Unibertsitateko Mujeres con Ciencia espazio digitalaren sustatzailea eta editorea da eta emakumeek zientzian egindako lanen ikusgarritasuna zabaltzeko egindako lanagatik hainbat sari jaso ditu; adibidez, 2016ko Berdintasunerako Emakunde Saria.
Matematikaren eta beste diziplinen artean (zinea, literatura...) zubiak eraikitzen ibiltzen da etengabe.
Marta Macho Stadlerri buruz gehiago jakiteko: · MARTA MACHO STADLER (Asociación de mujeres investigadoras & tecnólogas). · Marta Macho Stadler, premio Emakunde a la Igualdad de 2016 (bideoa) |
Deskargatu irudia hemen klik eginda