7-Miriam Friedman Menkin
Deskargatu irudia hemen klik eginda.
Bi urte zituela, Ameriketako Estatu Batuetara migratu zuen bere familiak.
Cornell Unibertsitatean graduatu zen Histologian eta Anatomia Konparatuan. Ondoren, Genetika ikasi zuen Columbiako Unibertsitatean. Medikuntza ere ikasi nahi zuen, baina ez zuen lortu, garai hartan emakumeak nekez onartzen baitzituzten medikuntza-eskoletan. Azkenean, Bakteriologia eta Enbriologia ikastea lortu zuen, eta laborategi-laguntzaile lanetan hasi zen.
Garai hartan, John Rock ugalkortasuneko mediku espezialista gizakietan aplikatu nahian zebilen aurrez animaliekin erabilitako in vitro ernalketa-teknikak. Ospitalean, histerektomiak egin, eta Menkini ematen zizkion obulutegi erauzi berrien laginak, disekzionatu eta bertatik obuluak lortzen saia zedin. Ondoren, espermarekin nahastu, eta bizpahiru egunez itxoin behar izaten zuten.
Astea joan eta astea etorri, 138 saiakera egin zituzten, sei urtean. Hainbat prozedura-aldaketa probatu zituzten arren, gauza bera ikusten zuten mikroskopioan astero-astero: ernaldu gabeko obulua, hildako espermatozoideen artean. Sei urtez huts egin ondoren, ordea, arrakasta lortu zuen Menkinek: 1944ko otsailean, mikroskopio aurrean loak hartu eta behaketa ohi baino beranduago eginda, obulu eta espermatozoide bana fusionatu eta zatiketa zelularra hasi zela ikusi zuen, ernalketaren seinale. Hura izan zen emakume baten gorputzetik kanpo sortutako lehen enbrioia.
Ondorengo urteetan, hainbat gai ikertu zituen Menkinek, hala nola zaldien antzutasuna, argiaren bidez hilekoa egonkortu ote zitekeen, edo galtzontzilloak berotuz gizonezkoak aldi baterako antzutu ote zitezkeen.
Miriam Friedmani buruz gehiago jakiteko: |
Partekatu sare sozialetan:
"Miriam Friedman Menkinek lortu zuen, lehen aldiz, enbrioi bat emakume baten gorputzetik kanpo sortzea."
#O11erakusleihoak
#emakumeak
#zientzia
#STEAMhezkuntza
#Elhuyar