7- Margaret Crane
Deskargatu irudia hemen klik eginda.
1967an, Organon Pharmaceuticals enpresa estatubatuarrak Margaret Crane publizista gaztea kontratatu zuen, produktu kosmetikoen ontziak diseina zitzan. Enpresaren laborategietara egindako bisita batean, haurdunaldi-probak egiteko erabiltzen ziren saio-hodiak ikusi zituen Cranek. Jakin zuen hodi haiek zituzten erreaktiboek kolorezko eraztun bat sortzen zutela emakumeen gernuarekin kontaktuan jarrita.
Cranek pentsatu zuen prozesu hura sinplifika zitekeela emakumeek proba etxean egin zezaten; izan ere, ordura arte medikuarengana joan beharra zuten haurdun zeuden ala ez jakiteko, eta horrek kostua, denbora eta pribatutasun falta zekartzan. Aldez aurretik zientzia-prestakuntzarik izan gabe ere, prototipo bat garatu zuen etxean, elementu arruntak erabiliz, paper-zorro bat, saio-hodi bat, ispilu bat eta tanta-kontagailu bat.
Hasieran, enpresako arduradunek ez zioten ikusi inolako erabilgarritasunik asmakizunari. Aurrerago, asmakizuna patentatzea erabaki zuten, eta Cranek uko egin behar izan zien eskubideei dolar baten truke. Enpresak Kanadan merkaturatu zuen produktua 1972an, eta, Estatu Batuetan, 1977tik aurrera egon zen erabilgarri etxean egiteko moduko proba hau.
Haren historia zenbait hamarkadaz isilean egon arren, etxean egiteko haurdunaldi-probak asko aldatu zuen emakumeen ugalketa-osasunaren esperientzia.
Margaret Craneri buruz gehiago jakiteko: