12- Uxue Lazcano Dobao
Deskargatu irudia hemen klik eginda.
Uxue Lazcano Dobao txikitatik ibili izan da inguratzen duten gauzei buruz galdezka, gertatzen dena ulertu nahian, eta uste du hori izan zela geroago zientzialari bihurtzeko lehen urratsa. Bergarako eskola publikoan ikasi zuen, eta, gero, EHUn, Biokimika eta Biologia molekularreko gradua. Hasieratik, giza genomika izan zen gehien gustatu zitzaion irakasgaia, baina laborategiko lana ez zuen batere gustuko. Horregatik, erabaki zuen bioinformatikako masterra ikastea Bartzelonan.
Han bost urtez ikertzen ibili ondoren, gaur egun doktoretza-tesia egiten dihardu CICbioGUNEn, biologia konputazionaleko arloan. Haren proiektuaren helburu nagusia prozesu metastasikoak ulertzea da. Horretarako, ospitaleetan jasotako prostatako biopsiak erabiltzen dituzte proiektuan, laginok sekuentziatzeko eta profil molekularrak aztertzeko. Modu horretan prozesu metastasiko eta ez metastasikoen arteko ezberdintasun molekularrak aurkitzea eta minbiziaren testuinguruan azalpen biologiko bat ematea da haren lana.
Uxuek oso gustuko du zientzialari izatea, eta haren lanetik gehien gustatzen zaiona da egunero gauza berriak ikasteko aukera izatea. Zientziaz harago, poz eta lasaitasun handia ematen dio maite dituenekin denbora pasatzea, bereziki kozinatzeko eta elkarrekin jateko bada. Mendira joatea ere oso gustuko du, eta beti dabil abentura berrien bila.
Uxue Lazcano Dobaori buruz gehiago jakiteko: