1- Jane Goodall
Deskargatu irudia hemen klik eginda.

Londresen jaioa, negozio-gizon baten eta idazle baten alaba zen. Haurtzaroan, pelutxezko txinpantze bat oparitu zioten, animaliekiko maitasuna eta interesa piztu ziona. Txikitatik animaliei buruzko liburuak irakurtzen zituen, eta hamar urterekin jada Afrikara joatea eta animalien artean bizitzea amesten zuen.
Gaztetatik hasi zen lanean Afrikara joateko dirua aurrezteko, eta 23 urterekin lortu zuen, lagun batek Kenyara gonbidatu zuenean. Han ezagutu zuen Louis Leakey antropologoa, eta horrek, animalien portaera ulertzeko zuen gaitasunaz harrituta, txinpantzeak beren ekosisteman aztertzeko aukera eskaini zion. Horrela, 1960an, Goodall Gombeko Parke Nazionalera (Tanzania) iritsi zen. Lehen hilabeteetan bere ama izan zuen lagun, Britainiar agintariek beldur baitziren emakume gazte bat animalia basatien artean bakarrik bizitzeak zekarren arriskuaz.
Bere metodologiak primatologia eraldatu zuen: poliki-poliki txinpantzeengana hurbiltzen zen bera han egotera ohitu zitezen, horrela, haien portaera modu naturalean behatu ahal izateko. Deskubritu zuen txinpantzeek tresnak erabiltzen zituztela, gizarte-harreman konplexuak zituztela, eta afektua, lankidetza, lehia eta dolua erakusten zutela. Aurkikuntza horiek zientzia irauli zuten.
Unibertsitateko ikasketarik ez bazuen ere, bere zorroztasun eta gaitasun zientifikoagatik Cambridgeko Unibertsitatean onartu zuten, non Etologian doktoratu baitzen. 1977an, Jane Goodall Institutua sortu zuen, txinpantzeen eta haien ekosistemen ikerketara eta babesera bideratua. Bere bizitzan zehar nazioarteko sari eta aintzatespen ugari jaso zituen, eta bere irudiak ikerketa gainditu zuen, bizitzarekiko errespetuaren eta planetarekiko konpromisoaren sinbolo global bilakatuz.
Jane Goodall 91 urte zituela hil zen 2025ean, garaiko primatologo, etologo eta antropologo garrantzitsuenetako bat izanik. Gaur egun, bere pelutxezko txinpantzeak Londresko bere etxeko aulki batean eserita jarraitzen du, haurtzaroko amets eta pasioa gogoraraziz.
