8- Ruby Payne-Scott
Deskargatu irudia hemen klik eginda.

Irrati-astronomian aitzindaria, kosmosa aztertzeko irrati-uhinak erabili zituen lehen pertsonetako bat izan zen, eta hori egin zuen lehen emakumea. Australian jaioa, txikitatik erakutsi zituen fisikarako eta matematikarako gaitasunak. Emaitza akademiko onei esker, Sydneyko Unibertsitatean ikasteko aukera eman zioten bi beka lortu zituen, garaiko emakumeentzat nahiko ezohikoa zena.
Fisikan graduatu zen bere klaseko emakume bakarra izanik, eta hori lortu zuen hirugarren emakume australiarra izan zen. Ikertzaile gisa, minbizia tratatzeko teknika berri bat aztertu zuen: erradiologia. Garai hartako emakumeen promozio zientifikorik ez zegoenez, ikasten jarraitu zuen eta Hezkuntzan diplomatu zen. Irakaslea izan zen teknologia- eta komunikazio-enpresa batean liburuzain gisa kontratu zuten arte. Bere gaitasun zientifikoari esker, liburuzain izatetik irrati-ingeniari izatera pasa zen. II. Mundu Gerran, Australiako gobernuak kontratatu zuen eta, Joan Freeman lankidearekin batera defentsarako radarrak garatu zituzten lehen bi emakumeak izan ziren. Gerra amaitu ondoren, bere taldea irrati-astronomian espezializatu zen, astroak igortzen zituzten irrati-uhinen bidez aztertuz. Garai hartan lortu zituen Rubyk bere arrakastarik handienak, eta eguzki-irrati-astronomiaren aitzindari bihurtu zen, eguzki-erupzio mota batzuk deskubrituz.
Zientziaz gain, aktibismoan ere nabarmendu zen Ruby; komunista, atea eta feminista sutsua zen. Asko zegoen borrokatzeko: Australian, emakume ezkonduek ezin zuten lanpostu finkorik izan erakunde publikoetan, soldata-diskriminazioa jasaten zuten, eta jokabide- eta janzkera-arauak zituzten (ez erre, ez jantzi galtza motzak). Emakumeen eskubideen alde borrokatzeagatik arazoak izan zituen, baita galtza motzak janzteagatik eta erretzeagatik ere. Ezkondu bazen ere, isilpean mantendu zuen ikerlari postua ez galtzeko, baina deskubritu zuten eta bere postu finkoa galdu zuen. Bere karrera behin betiko zapuztu zen 39 urterekin, ama izan zenean, amatasunerako laguntzak pentsaezinak baitziren garai hartan, eta familiaren eta ikerketaren artean aukeratu behar izan zuen.
Bere azken urteak Alzheimer gaixotasunak markatu zituen, eta 1981ean hil zen, 69 urterekin. Hala ere, haren ondarea bizirik dago: Australiako gobernuak urtero Payne-Scott Sariak ematen ditu, ama izan ondoren beren karrera zientifikoari berriro ekin nahi dioten emakume ikerlariei laguntzeko.
