10- Lourdes Herrasti Erlogorri
Deskargatu irudia hemen klik eginda.

Lourdes Herrasti Erlogorri memoria historikoaren berreskurapenean eta ikerketa antropologikoan erreferentea da. Aretxabaletan jaioa, gaztetatik izan zuen historiarekiko interes handia, eta erreportaria izateko kazetaritza ikastea pentsatu bazuen ere, Geografia eta Historia ikasi zuen. Osteoarkeologian espezializatu zen, indusketa arkologikoetako hezurrak aztertzen dituen diziplinan.
Interesagatik hasi zen indusketa arkeologikoetan kolaboratzen, bere ogibidea bigarren hezkuntzako irakasle baitzen. Irakasle izateak aukera eman zion arkeologiarekiko grinari eutsi eta indusketetan asteburuak eta oporrak emateko. Lourdes zorioneko sentitzen da irakaskuntza eta arkeologia bateragarri egin ahal izan dituelako, badakielako emakume askok arkeologia utzi behar izan zutela ikerketa eta lana bateragarri egiteko aukerarik izan ez zutelako.
Denborarekin, bere konpromiso eta espezializazioari esker, Lourdes Aranzadi Zientzia Elkarteko kide egonkor bihurtu zen. Egun, Antropologia Fisikoko saila zuzentzen du, osteoarkeologian eta, bereziki, Gerra Zibileko eta frankismoko giza aztarnen berreskurapenean zentratutako ikerketa-lerroak garatuz. Hobi komunen desobiratzetan egiten duen lana ezinbestekoa da biktimen familiei egia eta duintasuna itzultzeko eta gizarteari memoria berreskuratzen laguntzeko. Herrastik berak dioen bezala, indusketa historiko garaikideek ez dute zerikusirik lan prehistorikoarekin; gerra zibileko hobien desobiratzetan biktimen izenek, bizitzek eta oraindik irekita dauden zauriek presentzia handia dute.
Ikerketa-lanaz gain, Herrastik zientziaren dibulgazioa bultzatu du eta bere ibilbideak, zientzia, hezkuntza eta memoria uztartzen dituenak, ezinbesteko erreferente bihurtu du. Elkarte memorialistek, erakunde kulturalek eta giza eskubideen erakundeek askotan aintzatetsi dute Herrastiren lana, eta biktimen duintasuna eta memoria historikoaren berreskurapena lortzeko egindako ekarpena nabarmendu dute.
