6- Elisabeth Rasekoala
Deskargatu irudia hemen klik eginda.

Elisabeth Rasekoala zientziaren arloan berdintasunaren eta aniztasunaren aldeko nazioarteko erreferente nagusietako bat da. Nigerian jaioa, zientziarekiko eta hezkuntzarekiko konpromisoa zuen familia batean hazi zen. Bere aita, herrialdearen independentziaren aldeko aktibista, zientzia eta teknologiaren garrantzia irakatsi zien bere seme-alabei, gizartearen eraldaketarako tresna gisa. Etxean zientzia ez zen elite baten pribilegio gisa ulertzen, aurrerapen kolektiboaren oinarri bezala baizik; balio horrek txikitatik markatu zuen Elisabethen bidea.
Ingeniaritza kimikoa ikasi eta doktoradutza egin zuen, emakume gutxi eta pertsona beltz ia bat bera ere ez zegoen ingurune batean. Bere ibilbide profesionala industria petrokimikoan hasi zen, gizonek nagusitutako sektore batean, eta hogei urte baino gehiagoz aritu zen lanean Afrikan, Europan eta Amerikan. Ekoizpen- eta kalitate-kontroleko proiektuen arduradun izan zen, eta nazioarteko energia-konpainietan erantzukizun-lanpostuak lortu zituen emakumezko ingeniari beltz bakanetakoa izan zen. Esperientzia hartan ohartu zen zientzia eta teknologiaren munduan ikuspegi maskulino, zuri eta eurozentrikoa nagusi zela, eta hori aldatzeko konpromisoa hartu zuen.
Industria-etapa amaitutakoan, bere lana zientziaren eta gizartearen arteko harremana eraldatzera bideratu zuen. African Gong erakundea sortu zuen, eta gaur egun haren presidentea da. Erakunde horren helburua da Afrika osoan zientziaren komunikazioa eta zabalkundea sustatzea, genero-berdintasunaren eta kultura-aniztasunaren ikuspegitik, zientzia inklusiboago baten alde eginez. Halaber, neska afrikarren artean STEM bokazioak pizteko hezkuntza-programak bultzatu ditu, eta komunitate marjinatuetan zientzia hurbiltzeko proiektuetan parte hartu du.
Bere eraginak mugak gainditu ditu, eta Nazio Batuen Erakundea, UNESCO, Europako Batzordea, Afrikako Batasuna eta Afrikako Garapenerako Bankua bezalako erakundeetan aritu da aholkulari gisa. Espazio horietan guztietan, Rasekoalak defendatzen du zientziak munduaren aniztasuna islatu behar duela, eta hezkuntza zientifiko inklusibo eta bidezko baten alde egiten du etengabe.
