4- Marie Anne Gillain Boivin
Deskargatu irudia hemen klik eginda.

Marie Anne Gillain Boivin XIX. mendeko medikuntza eta obstetriziako emakume garrantzitsuenetako bat izan zen. Versailles inguruko Parisko auzo xume batean jaio zen, eta bere haurtzaroaren zati handi bat komentu batean eman zuen. Han, mojek medikuntzaren eta erizaintzaren oinarriak erakutsi zizkioten.Frantziako Iraultzaren hasieran komentua suntsitu zuten, eta bizitza aldatu behar izan bazuen ere, Marie Annek anatomia eta obstetrizia ikasten jarraitu zuen, ezkondu arte. Alaba bat izan zuen eta gazte alargundu zen, egoera ekonomiko zail batean geratuz.
1800ean obstetriziako diploma lortu eta emagin gisa hasi zen lanean; urtebete geroago, superintendente bihurtu zen. Bere eragina baliatu zuen obstetrizian espezializatutako eskola bat sortzeko, eta haren ekimenez Parisko Amaetxean, emaginentzako eskolaren sorkuntza sustatu zuen.
Parisko Amaetxean obstetriziako aditu handienetako bat bihurtu zen. Ama ezkongabeentzako ospitale batean ere aritu zen lanean, eta Frantziako hainbat ospitale zuzendu zituen. Emagin lanaz eta ospitaleen kudeaketaz gain, Marie Anne mediku-elkarte askotako kide izan zen; ginekologiari eta obstetriziari buruzko eskuliburu ugari idatzi zituen, eta denborarekin erditze-geletan ezinbesteko bihurtuko ziren hainbat tresna asmatu zituen.
Bere asmakizunen artean pelbimetro baginala nabarmendu daiteke, bagina dilatatzen eta erditze aurreko uneetan umetoki-lepoa aztertzen laguntzen zuen tresna. Horrez gain, Marie Anne izan zen fetuaren taupada entzuteko estetoskopioa erabili zuen lehenengo emaginetako bat.
Marie Anne Europako hainbat tokitan aitorpen handiak jaso zituen arren, Parisko Medikuntza Akademiak ez zuen sekula onartu. Erretiroa hartu eta gutxira hil zen, pobrezian murgilduta.
