7- Amaia Ortiz Barredo
Deskargatu irudia hemen klik eginda.

Arabako familia nekazari batean jaioa, txikitatik izan zuen landareekiko eta naturarekiko interesa. Aitak patatak ereiten zituen, baina ez zuen nahi alabek nekazaritzaren bideari jarraitzerik. Amaiak, berriz, beti izan du naturarekiko jakin-min handia, eta horrek bultzatu zuen unibertsitatean Biologia ikastera. Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako egoitzan egin zituen ikasketak, eta Mikrobiologian espezializatu zen.
Unibertsitateko azken urtean, praktikak egiteko aukera bilatzen ari zela, Arkautiko Nekazaritza Esperimentazio Zentrora (gaur egungo Neiker) iritsi zen kasualitatez. Hasieran, biologoentzako lekurik ez zegoela esan bazioten ere, azkenean onartu zuten landareetako birus eta bakterioetan espezializatutako talde batean. Bere doktore-tesian, azukre erremolatxari eragiten zion gaixotasun biriko baten aurrean estrategia berritzaile bat garatu zuen, eta lan horrengatik sari bat jaso zuen. Ordutik, urteak daramatza Neiker erakundean lanean, landareei erasotzen dieten organismoak, izurriteak eta intsektuak aztertzen. Bere ikerketak nekazaritza jasangarriagoa lortzea du helburu, produktu kimikoen erabilera murriztea ekarriko baitu eta ingurumenarekiko errespetua sustatuko.
Gaur egun, Neikerreko Landareen Osasun Saileko arduraduna da, eta Estatu mailako zein nazioarteko ikerketa-proiektuetan hartzen du parte, eta fitopatologiaren eta nekazaritza jasangarriaren arloan erreferente da.
2025ean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Ortizen ibilbidea aitortu eta elkarteko bazkide izendatu du, nekazaritza-ikerkuntzan izandako ibilbide luzeagatik, eta laborantza estentsiboen osasunean egindako ekarpenagatik.
