12- Olatz Ortega Vidales
Deskargatu irudia hemen klik eginda.

Bilbon jaioa, txikitatik izan du naturarekiko jakin-mina; mendian eta hondartzan egoteak bere ingurua ulertu eta bere buruarekin konektatzeko aukera ematen zion, eta milaka galdera sortzen zizkion. Interes horrek bultzatu zuen, nahiz eta ikasketak aukeratzeko garaian guztiz argi ez izan, Biologiako gradua egitera. Urte luzez ingurumen-boluntariotza ugari egin izanak ere modu aktiboan lotu du naturaren zaintzarekin.
Biologiako gradua bukatuta, Suediako herri txiki batean lan egin zuen desgaitasunak zituzten gazteekin eta LGTBIQ+ komunitateko gazteekin. Esperientzia horri esker jabetu zen inklusioa eta hezkuntza gizartea eraldatzeko oso garrantzitsuak direla. Euskal Herrira itzulita, Erasmus Mundus Ekotoxikologia Masterra egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, Angeluko Universidad de Pau et des Pays de l'Adour eta Portoko Universidade do Porto unibertsitateetan. Master Amaierako Lana hastear zela, Plentziako Itsas Estazioan naturaren kontserbazioa, inklusioa eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituen “Kontuz! Ez nazazu zapaldu!” herritarren zientziako proiektuan murgildu zen. Biologia oinarri eta feminismoa ardatz dituen ikerketa-taldean sartzeko aukera izan zuen, eta horrek, zientzia esperimentalen inguruan zuen ikuspegia zabaldu zion. Egun, doktorego-tesia egiten ari da zientzia esperimentalen didaktikan.
“Kontuz! Ez nazazu zapaldu!” proiektuak, herritar konprometituak sortzetik haratago, zientziaren irudi tradizionala astintzen du; erakusten du zientzia egiteko modu anitzak daudela, eta denak direla beharrezkoak. Bere lanak erakusten dio, bidezkoa den gizartea sortzeko bidean zientziaren demokratizazioa eta inklusioa ezinbestekoak direla, zientziak ere guztien parte-hartzea, ahotsak eta esperientziak jaso behar baititu.
