5- Yásnaya Aguilar Gil
Deskargatu irudia hemen klik eginda.

Yásnaya Elena Aguilar Gil mixe jatorriko hizkuntzalari, idazle, itzultzaile eta ekintzaile oaxakiarra, erreferente bat da indigenen hizkuntza-eskubideen eta autonomiaren defentsagatik.
Ayutlako (Oaxaca) komunitate mixe batean jaioa, bere familian goi-mailako ikasketak egiten lehena izan zen. Bere aitonak, ia ikasi ez zuen arren, eskribau, nekazari eta igeltsero gisa lan egin zuen; bere komunitateko jendeari gutunak irakurri eta idazten laguntzen zien, ayuujk (mixea) eta gaztelaniaren artean itzuliz. Letrek pisu handia izaten jarraitu zuten etxean. Ayutlatik kanpo ikasteko aukera izan zuten osabek txikitatik irakurtzera bultzatu zuten, beraiek jasandako diskriminazio linguistikoa saihesteko. Eskolara sartu aurretik gaztelania irakurtzen irakatsi zioten, ayuujk (mixea) hiztunen azentuagatik ez baztertzeko. Denborarekin, gaztelaniaz irakurtzen zuena hobeto ulertzen hasi zenean, piztu zitzaion irakurketarekiko maitasuna.
Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan Hizkuntza eta Literatura Hispanikoetan lizentziatu zen, eta bertan gramatikarekiko zaletasuna deskubritu zuen. Ohartu zen bere ama-hizkuntza, ayuujk edo mixea, ez zegoela formalki deskribatuta. Hau da, ez zekien bere ama-hizkuntzan idazten. Horregatik, lagun batekin batera, bere amonaren grabazio bat transkribatzen hasi zen hizkuntzaren fonologia eta egitura aztertzeko. Lan horrek bere ikerketa-ibilbidearen oinarriak ezarri zituen eta ayuujk (mixe) hizkuntzaren biziberritze-mugimenduarekin bat egitera eraman zuen.
Aktibismo linguistikoaz gain, Yasnayak komunitate indigenen lurraldeen eta baliabide naturalen defentsan ere lan egiten du, bereziki uraren eskubidearen alde. 2019an, Mexikoko Kongresuan, ayuujk (mixe) hizkuntzan egindako hitzaldi batean, adierazi zuen: “hizkuntzak ez dira bakarrik hiltzen, gure hizkuntzak hil egiten dituzte”, Estatuaren politikek indigenei hizkuntza ez ezik, lurrak eta duintasuna ere kendu dizkietela salatuz.
